'Asetu Bertsoz' emanaldia antolatu dute bihar Bilbo Zaharreko plazan

uriola.eus 2021ko ira. 24a, 12:07

ASETU Herri Biltegia betetzen laguntzeko, bertso saioa antolatu dute bihar Xake Espazioko kideek. Emanaldia arratsaldeko 18:00etan izango da Bilbo Zaharreko plazan eta Oihane Perea, Unai Iturriaga, Oihana Bartra eta Iñaki Viaspre bertsolariek kantatuko dute taula gainean. Ainhoa Comasek egingo ditu gai-jartzaile lanak. 

ASETU herri biltegia AZET Etxebizitza Sindikatuak kudeatutako elikagai eta oinarrizko produktuen biltegia da. Hala, "desjabetuen beharrizanei erantzuteko" tresna bezala funtzionatzen du.

Xake Espazioak antolatutako bertso saiora sartzeko, biltegia betetzeko jakiren bat ekartzea eskatu dute. Biltegian behar diren gauzen artean, besteak beste, esnea, komuneko papera, etxea garbitzeko produktuak edota zerealak daude. Bertso saioa Bilbo Zaharreko plazan egingo dute arratsaldeko 18:00etan.