Egitasmoaren muina zein den azaldu du antolaketa taldeko Maria Larramendik: “Gau Irekiaren oinarrizko helburua da auzo garaietan dagoen gizarte sarea, benetan osasuntsua dena, ikusaraztea eta ospatzea. Egia esan, testuinguru oso aktiboa da”. Gainera, denetariko espazioek hartzen dute parte: dendak, askotariko proiektuen bulegoak, kaleak berak, baliabide publikoak, tabernak...
Ekimenaren izena gorabehera, eta iluntzeko zein gaueko orduek izango duten arren pisurik handiena, goizetik hasiko dira ekintzak. Iaz hasi ziren joera horrekin, etxeratze aginduak hitzorduak aurreratzera behartu baitzituzten. Dena den, azkenaldian buruan zeukaten asmo bat zela azaldu dute, hartzaileen taldea zabaltze aldera. Hala, esate baterako, haurrei berariaz zuzendutako ekintza bat egongo da goizez Estudio 14ren lokalean, Maiatzaren Biko kalean: ipuin kontaketa eta josteko tailer txiki bat. Dena den, goizeko gainerako hitzorduetan ere ongietorriak izango dira umeak nahiz familiak.
Egitarau osoa Gau Irekiaren webgunean dago eskuragarri. Aipatu behar da Damaris Pan auzotarra dela aurtengo kartelaren egilea (Gure Artea Saria, 2021).
Podcast berezia
Urtemuga esanguratsua ospatuko dutela eta, Kontatu Gau Irekia izeneko podcasta jarri dute martxan aurten. 10 irratsaio labur egingo dituzte, gehienez ere 10 minutukoak, Larramendik azaldu duenez: “Orain arte bi argitaratu ditugu, Gau Irekiaren historia eta tripak erakusteko, antolakuntzan eta diseinuan inplikatuta egon diren pertsonekin”. Hemendik aurrera, ordea, bestelako gaiak ere jorratuko dituzte; esate baterako, auzoko hainbat eragilerekin grabatu zutena, “kulturaren eta aldarrikapenaren arteko erlazioari buruzkoa”. Ez hori bakarrik, auzoko haurrek gidatutako irratsaio bat ere badarabilte eta esku artean. Gau Irekiaren bueltako unibertsoa modu zabalean lantzea da egitasmo honen muina.
Saioak Ivoox eta Spotify plataformetan daude entzungai, eta astelehenero bana argitaratzen dute. Alberto de la Hozen gidaritzapean ikusi du argia podcast honek. “Soinu eta irrati kontuetaz mordo bat dakien pertsona” izateaz gain, proiektuarekiko gertutasun handia dauka.
Auzoan errotuta
Hamarkada osoko ibilbidearen ostean, Gau Irekiaren ospea etengabe handituz joan da, eta horren erakusle da proposamenak jasotzeko irailean urtero egiten duten deialdiak izan ohi duen erantzuna. Izan ere, “urtetik urtera ekintza kopurua areagotuz joan da”, Maria Larramendik azaldu duenez.
Antolaketa taldeak orain arte jarraitu duen politika izan da iristen zitzaien guztia programatzea, eta 2019an joera horrek gaina jo omen zuen, ia 100 jarduera egin baitziren. Hortaz, aurtengoan (eta iazkoan, baina pandemiaren egoeragatik) nolabait mugatu dute jokabide hori, eta ez dituzte jasotako proposamen guztiak sartu behin betiko egitarauan.
Gau Irekiaren esentziarekin bat egiten duten irizpideak erabili dituzte hautaketa horretan: “Lehenetsi dira auzotarren edo bertoko eragileen proposamenak, testuinguru honetako beharren inguruan gogoeta egiten dutenak, kulturartekotasuna lantzen dutenak…”. Horrez gain, antolatzaileek nabarmendu dute jaialdiaren dimentsioa murrizteak komunikazio zuzenagoa izatea ahalbidetzen duela.
Neurri berrien aurreko ziurgabetasuna
Gaur Euskal Autonomia Erkidegoan osasun larrialdi egoera berriz ezarri izanak, eta LABI batzordeak arratsaldean adosten dituen neurriei buruzko informazio zehatzagoa izateko zain, datozen egunetarako antolatutako hainbat kultur ekitaldirekin zer gertatuko den ez dago guztiz argi oraindik. Dena den, Gau Irekiko antolatzaileek jaialdia egiteko asmoa dutela aurreratu dute, egitaraua bera edo zenbait ekintza moldatu behar izan arren.
Luzatu Gau Irekia
Kultur adierazpenak ez dira abenduaren 11ra mugatuko. Izan ere, beti bezala, egun handi horren aitzakian Luzatu Gau Irekia izeneko programa gauzatzen ari dira egunotan. Hala, aurtengoan bi tailer antolatu dituzte: drag teknologien tailerra eta kartoi banda bat sortzeko tailerra.
Lehenengoa Luciana Chieregatiren eskutik antolatu dute. Dragaren tresnak metodologia gisa erabili dituzte hainbat kontu jorratzeko. Hala, performatibitatea landu dute, gorputzaren izaera esploratu dute eta, are, dekolonizazioaren ildoetan ere murgildu dira Xavier Manubensek, Feña Celedónek eta Lyn Dinizek gidatutako hiru saiotan. Datozen egunotan ere tailer intentsiboak egingo dituzte, eta Gau Irekian prozesu guztiaren emaitza aterako dute kalera. Ekintza espontaneo samarra izango dela aurreratu du Maria Larramendik, “performatzeko unea eszenatokiaren eta testuinguruaren bitartez gauzatuko baitute". 09:30ean izango da, Mariaren Bihotzaren plazako arkupeetan.
Kartoi bandari dagokionez, Txaranga Urretabizkaiaren eskutik datorren proposamena da, 80ko hamarkadan Ezkerraldean loratu ziren musika banda berezi haiek oinarri hartuta eta txarangak jorratzen duen ildo artistikoak bideratuta. Hala, eguneroko hondakinak (kartoia, plastikozko hodiak…) erabilita, hainbat instrumentu egin dituzte azken asteotan, nagusiki haizezkoak eta perkusiozkoak. Orain, Gau Irekian (18:30ean Mariaren Bihotza plazan hasita) egingo duten emanaldirako piezak prestatzen ari dira. Kartoi banda bat eratzeko prozesua hasieratik bukaerara gauzatzen ari dira San Frantziskoko udaltegian, modu guztiz kolaboratibo eta askean.