Urte amaierako ate irekiak BilbaoArten

uriola.eus 2021ko abe. 9a, 09:42

2021ean zehar BilbaoArte Fundazioaren bekarekin zentroan lanean aritu diren artisten erakusketa kolektiboa ikusgai dago gaurtik hilaren 17ra arte. Irekiera ekitaldia gaur iluntzean izango da, 19:00etan.

BilbaoArte Fundazioak urtero ematen duen bekarekin jardun duten artista guztien baterako erakusketa antolatu ohi du abenduan, eta aurtengoa gaurtik aurrera egongo da zabalik. Lanak BilbaoArte eraikineko erakusketa aretoan, estudioetan eta geletan barreiatuta egongo dira. Guztira 26 artistaren eta talde artistiko baten obrak erakutsiko dituzte, guztiak ere aurtengo bekaldian zehar gauzatuak.

Aipatu bezala, gaur 19:00etan irekiko dituzte ateak, eta bihar, ostirala, bisita gidatuak egingo dituzte 17:00etatik 20:00etara. Bertaratzeko txandak telefonoz erreserbatu ahal izango dira (94 415 50 97) abenduaren 9an eta 10ean, 9:00etatik 14:00etara. Erakusketa abenduaren 13tik 17ra, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 17:30etik 20:30era ikusi ahal izango da.

Irekiera ekitaldian bisitariei zentroaren urteko memoria oparituko zaie, eta katalogo horretan ikusgai dauden proposamen guztiak jasoko dira, bai eta BilbaoArteren Ekoizpenerako Laguntzetan parte hartu duten artisten lanak eta urtean zehar zentroan egindako jarduerak ere.

Honako hauek dira erakusketa kolektiboan parte hartuko duten artistak: Urtzi Canto, Liben Svaart, Cristina Zafra, Malu Hatoum, Miquel Ponce, Julia Martos, Mikel Escobales, Roberto Coromina, Bego Zubero, Miguel Alejos, Fernando Cremades, Amaya Suberviola, Rocío Agudo, Gari Arambarri, Carlos Ramírez-Pantanella, Miguel Ángel Madrigal, Natalia Suárez Ortiz De Zárate, Bernarda Beñat + Maialenge, Jon Ander Terroba Expósito, Ibon Landa Amutxategi, Helí García Martínez, Gin Ro, Sara Padilla Grimalt, Leire Lacunza Miranda, Santiago Ortiz Przychodzka, Guillermo Velasco Páez eta Elvira Amor.