Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan ahalduntze-eskola bat sortuko du Udalak

uriola.eus 2022ko ots. 1a, 12:10

Emakumeentzako elkargunea eta prestakuntza-tokia sortuko du Udalak Zubirik planaren barruan. Genero-desberdinkeriaren gaineko sentsibilizazioa landu eta emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa sustatuko dute, ahalduntzerako bide gisa.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzearen eta gunearen dinamizazio soziala sustatzearen prozesuaren barruan, auzo horietako emakumeen beharrizanak erdigunean jarri nahi dituzte. Horretarako, Udaleko berdintasun sailak, NEVIPEN, Galtzagorri eta Pikara Magazine kolektiboekin batera ahalduntze-eskola sortzeko talde eragile bat sortu du. Parte-hartzea sustatzeko, hiru zatitan banatutako prozesu bat abiaraziko dute, hiru auzoetako emakumeen iritzia kontuan hartzeko.

Prozesuaren lehenengo fasean, otsailean zehar hiru auzo horietan bizi diren emakumeen beharrizanak identifikatuko dituzte. Alde batetik, bi egunetan zehar galdetegien bidez, eta bestetik eztabaida-talde bi antolatuko dituzte, ordutegi ezberdinetan ahalik eta emakume gehienek parte har dezaten. Bestalde, galdetegiak egingo dizkiete auzo horietan emakumeak artatzen dituzten entitateetako teknikariei.

Bigarren fasean, Udalak bildutako informazioa aztertu eta martxoan, prozesuari eta bere ondorioei buruzko informazioa helaraziko die parte hartu duten emakumeei. Azkenik hirugarren fasean, jorratuko dituzten gai eta jarduerak zehaztu eta lehen ikasturteko egitaraua finkatuko dute. Azken prozesu horrekin, Ahalduntze Eskolak ekar dezakeenaren lehen zirriborroa landu ahalko dute.

Emakumeen elkargune eta prestakuntza-tokia

Nekane Alonso, Bilboko Udalaren berdintasunezko zinegotziak mugimendu feministaren eskaerei erantzutea bilatu dutela azaldu du: "Emakumeok gizartean dagokigun lekua hartu behar dugu". Zentro hauek, ikasteko aukera, genero-desberdinkeriaren gaineko sentsibilizazioa lantzeko aukera, eta emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa sustatzeko aukera emango dute. "Eskola horien gakoetako bat da, ekimena zuzentzen zaien emakumeen ezaugarri sozialetara eta inguruabar pertsonal, sozial eta kulturaletara egokitzen direla" azaldu du Nekane Alonsok.

Kultura-aniztasuna nagusi den auzo horietan, zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeen ehunekoa handiagoa dela aipatu du zinegotziak. Arrazoi horregatik, Alonsoren arabera, "garrantzitsua da ikuspuntu intersekzionala txertatzea, aintzat hartzea zerbitzua erabil dezaketen emakume-tipologia desberdinak, eta bermatzea baldintza berak izango dituztela denek, zerbitzua erabiltzeari dagokionez".