Bilboko 10. instrukzio epaitegia gazte biren gaineko salaketa ikertzen ari zen, polizia agenteen aurkako erasoa leporatzen baitzitzaien. Mariaren Bihotza plazako segurtasun kameren irudien ondorioz, baina, epaileak erabaki zuen horietan azaltzen ziren Ertzaintzako agenteak ikertzeko prozedura abiaraztea. Horietako bik deklaratu egin dute jada prozedura horren baitan, aktiboki parte hartu zutenek hain zuzen. Dena den, guztira zortzi agente daude ikerketa prozesuan. Osotasun moralaren aurkako ustezko delitua egotzi diete.
Irudiotan ikusten omen da ertzainek kamerak iristen ez diren leku batera eramaten dituztela gazte biak, baina uneren batean grabaketa eremura igarotzen omen dira, orduan ikusten delarik agenteek ukabilkadak eta ostikadak ematen dizkietela eskuak lotuta dituzten gazteei, baita lurrean daudelarik ere. Hala eman du aditzera El Correo egunkariak.