San Frantziskoko etxea mantenduko du Jalilak

uriola.eus 2022ko mar. 3a, 11:56

Abenduan 24 urteko emakumearen kaleratzea bertan behera utzi zuen AZET etxebizitza sindikatuak bitartekaritza prozesu baten bidez eta hiru hilabeteren ostean, Sabadellek alokairu sozial bat eskaintzea lortu du.

Kide baten garaipena ospatu nahi izan du sindikatuak komunikatu baten bidez: "Basakeria kapitalista honen erdian, garaipen indibiduala izateaz haratago klase osoaren garaipena da". Errefuxiatu politiko estatusarekin heldu zen 24 urteko emakume trans eta magrebtarra da Jalila.

Abenduan etxegabetu nahi izan zuen Sabadell bankuak, baina hura gelditu ostean, hiru hilabeteko "lan gogorraren" ostean, auzoan eta bere etxean geratu ahalko da. Cortes kaleko etxebizitza berdinean jarraitzea, albiste ona da Jalilarentzat. Izan ere, San Frantzisko auzoan ditu sare afektibo eta material guztiak.

Lorpen honekin batera, instituzioen "utzikeria eta axolagabekeria" salatu nahi izan dute. Izan ere, etxegabetzearen aukeraren aurrean, aterpetxea edo tutoretzapeko errekurtso baten sartzea izan ziren eman zizkioten bi aukerak. Horren ondorioz, "egiturazko problematika honen" agente gisa seinalatu dituzte instituzioak: "Horiek dira miseriaren kudeaketaren arduradunak, kasurik onenean, aldi baterako partxeak jartzen dituztenak, desjabetuon beharrak larriagotzen baino ez dituztenak". 

Antolakuntza

"Funts putre eta espekulatzaileen" toki bilakatu diren auzoetan klase-antolakuntzaren eta auzo-defentzaren beharra azpimarratu dute, "bizirauteko berme bakarra" baita sindikatuaren esanetan. Auzoa "hortzez eta haginez" defendatuko dutela argi utzi du AZET etxebizitza sindikatuak.