Israelgo Hapoel Holoneko zaleek istiluak eragin dituzte Alde Zaharrean

uriola.eus 2022ko mai. 9a, 09:54
Hapoel Holoneko zaleak Bilboko kaleetan (Argazkia: Sare Antifaxista)

Basketball Champions Leagueko Final four ikustera etorritako hooligan israeldarrak auzokideei oldartu eta kalte materialak sortu dituzte inguruko tabernetan. Egunean zehar atxilotutako bi pertsonak ez dira Hapoel Holoneko zaleak izan.

Istiluak bizi izan zituen atzo alde zaharrak. Basketball Champions League txapelketako finalaren harira 2.000 zale israeldar inguru egon dira asteburuan Bilbon. Haien presentzia salatzeko, Palestinaren aldeko auzokideak manifestazioa egin zuten igandean Unamuno plazatik 13:00etan, Israelgo gobernuak palestinarren aurka erabilitako indarkeria salatzeko, eta Israeli boikot egiteko deia eginez. 

Liskarrak hiruretatik aurrera eman ziren San Antón zubiaren parean. Zale Israeldarrak bere taldeak bostetan jokatzen zuen partida ikustera joaten ziren bitartean, Israelgo bandera erantsita Alde Zaharreko taberna batean zegoen bandera palestinarra lapurtu eta erre zuten. Gainera taberna horretako aulkiak eta mahaiak botatzen hasi ziren bertan zeuden auzokideen kontra eta hainbat kalte material eragin zituzten.

Arratsalde hasierako istiluak ez zuten atxiloturik eragin, baina partidaren ostean liskarrak jarraitu ziren Ertzaintzak Hapoel Holoneko zaleei eskolta eman zien arren. Irudietan ikusten dena gorabehera, arratsaldean zehar egondako bi atxilotuak ez ziren israeldarrak izan. Lehenengoa Villarias kalean atxilotu zuten 18:15ak aldera "desorden publikoa" egotzita eta bigarrena 21:00etan Areatzan "desobedientzia" leporatuta. Biak aske utzi dituzte gaur goizean. 

Liskarrak salatzeko kontzentrazioa

Liskarren ondorioz, arratsaldeko seietan kontzentrazioa egin zuten San Anton zubian gertatutakoa salatzeko eta sionistei gaitzespena erakusteko. Bilboko Sortuk, Bilboko Kontseilu Sozialistak eta AZET Etxebizitza Sindikatuak egin zuten bat deialdiarekin, besteak beste elkartasuna erakusteko erasoa jasotako taberna eta auzokideei. Sortuk erantzule politikoak eskatu zituen "biolentzia sionista Bilboko kaleetara ekartzeagatik".

Liskarrak eragiteaz gain, Hapoel Holonek bi partidak galdu zituen. Asteburuko eredua beste hiru taldeek eman zuten. Manresatik 3.000 zale inguru etorri ziren eta Tenerifetik eta Ludwisburgetik etorritako zale apurrekin batera giro aparta sortu zuten bai areto barruan eta bai kanpoan.