Ertzaintzak 36 urteko gizon bat atxilotu du astearte honetan bikotekidearen aurkako hilketa saiaketa delitu leporatu ostean. Gertakaria apirilaren 30eko goizaldeko ordu biak aldera gertatu zen Atxurin. Suhiltzaileak eta Ertzaintza hurbildu ziren sua itzali eta biktimak laguntzera. Atxilotutako gizona, emakumea eta honen alaba atera zituzten sutea gertatutako lonja-etxetik eta ospitale ezberdinetara eraman zituzten.
Hasieran istripu bat izan zela bazirudien ere, Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu zuen benetan gertatutakoa argitzeko. Ikerketa horretan lortutako datuei esker, jakin izan zuten sutea nahita sortu zutela Segurtasun Sailak azaldu duen moduan. Ildo horretatik, genero-indarkeriaren arloko eraso bat izan zitekeela ondorioztatu zuten eta gizona emakumea hiltzen saiatu zela.
Hipotesi horiekin ikerketa eta miaketa sakonagoak erabaki zuen Ertzaintzak eta azken egunotan, zehatzago aztertu dute gertakaria eman zen lonja. Txakurren unitateaz eta polizia zientifikoaz lagundu dira eta proba nahikoak lortu dituzte akusatuari, sutea nahita sortzeagatik eta bikotekidearen bizitzaren aurkako atentatuagatik, homizidio-ahalegina leporatzeko.
Azkenik asteartean atxilotu zuten 36 urteko gizona homizidio-ahalegina, lesio-delitu bat eta suteagatik kalteak egitearen delitu bat leporatuta. Atxilotua Ertzaintzaren egoitzan dago eta, agintari judizialaren eskuetan jarriko dute Bilboko Emakumearen aurkako indarkeriaren arloko 1. Epaitegiak izapidetutako eginbideak amaitzen dituztenean. Bitartean, Kalamiak Bilboko Alde Zaharreko talde feminista eraso matxista salatzeko deialdira adi egoteko eskatu du.
Salaketa erasoaren aurrean
Kalamiak, Bilbo Alde Zaharreko gazte taldeak deituta kontzentrazioa egingo dute eraso matxista hau salatzeko. Protesta bihar izango da ekainak 9, Enkarnazio plazan 18:30ean. Alderdi politikoek ere, gutxi tardatu dute gertakari gaitzesten.
Bilboko Udaleko talde politikoek "irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina" agertu du gertatutakoagatik. "Emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatzen ditu, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta", adierazi du Udalak adierazpen instituzional baten bidez. Bestalde, edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatu die herritarrei eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatu ditu herritar guztiak. Udalak herri-akusazio gisa aurkeztuko dela iragarri du.
EH Bilduk ere erasoa salatu du eta "babes eta elkartasun osoa" adierazi dio erasoa jasotako emakumeari. Jone Goirizelaia EH Bildu Bilboko bozeramailea erakundeei eskaera bat egin die: "Erakundeek premiazko erantzun integral bat eman behar dutela, egoeraren larritasunari erantzuteko, eta prebentzioan ahalegin handiagoa egin behar dutela horrelako gertaera larriak berriro gerta ez daitezen”. “Politika feministak behingoz ezartzeko eta berdintasun politikei beharrezko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak eskaintzeko garaia da”, gaineratu du Goirizelaiak. Alderdi Subiranistak deitutako mobilizazioetan parte hartuko duela iragarri du.