Duela egun batzuk argitaratu zen Deia egunkarian Euskotrenek eraldatu nahi duela Atxuriko tren geltokia. Bost urte darama itxita eta orain Azpeitian kokatzen den trenbidearen euskal museoaren egoitza bat irekiko dute Bilbon. Geltoki zaharreko hall zabala kokalekutzat izango duen trenbideko erakusketa-espazioaren proiektua, diseinua eta exekuzioa esleitu dio jada Euskotrenek Basauriko enpresa bati.
Erabaki honen aurrean Lokomotorak Atxuri elkarteak bere atsekabea erakutsi du eta proiektua "zentzugabekeria" dela kritikatu du. Izan ere elkarteak azaldu duenez Bilboko Udalak osoko bilkuraren akordio bidez, Atxuriko geltokiak museo publiko bat hartzeko aukera baztertu zuen. Behar ez duten erakusketa bat dela azaldu du Atxuriko elkarteak.
Horrekin batera Udalaren promesa faltsuak aipatu dituzte: "Tranbia eraberritu eta Bolueta eta Etxebarriraino luzatu ondoren, geltokiaren espazioa birmoldatu egingo zela agindu zen, herritarrentzako espazio publikoa irabazteko, itsasadarraren pasealekuari jarraipena emateko eta herritarrentzako kalitatezko espazio berri bat izateko. Begi bistan dago guzti hau Udalak egindako hitz eta bideo propagandistiko huts bihurtu da."
Elkarteak aipatzen dituen "promesa faltsuak" dakarten obra honek eta beste batzuk herritarren espazio publikoak murrizten ari direla gogorarazi du Lokomotorak. Onartutako HAPO-aren arabera paseo bat egin behar zen itsasadarraren ondoan eta orain, Boluetako tranbia pasatzen da hortik. Horrek geltokiaren espazioa zaku-hondo bihurtu eta ingurunean arriskua areagotu duela aipatu du elkarteak. Ibilgailu pribatua, autobusak, bi aldeetako ibilgailu-biraketak, tranbia eskolaren ondora biratzea, herritarren segurtasuna zalantzan jartzen duela gaineratu dute.
Komunikatuarekin amaitzeko "erakunde publikoek ez ikusiarena egiten ez jarraitzea" eskatu dute eta Bilboko Udalari "zerbait esateko eta jarduteko" eskatu diote. "Udalari eskatzen diogu biltzeko eta auzoari entzuteko, eta bere planetan agindutakoa eta onartutakoa betetzeko, eta, Euskotreni etengabe eskatzen diogun bezala, geltokiko Hall-a espazio publikoa eta irekia izan dadila exijitzeko".