Duela sei hilabete San Frantziskora heldutako 24 urteko gazte migrante bat duela hilabete baino gehiago etxegabetua izan zen, eta orduz geroztik kale egoeran dago. AZET Etxebizitza sindikatuak salatu duen moduan, "Bilbon ehunka gaztek pairatzen duten eguneroko tragedia" da. Datu ofizialen arabera, Bilbon mila baino gehiago dira etxebizitzarik ez duten pertsonak, eta horietatik ehun inguruk ez dute aterperik. "Hildako horiek ez dira estatistika soilak, jabetza pribatuaren erregimenaren zitalkeriaren datuak baizik", salatu du sindikatuak.
24 urteko gaztea diru-sarrerarik gabe geratu ondoren izan zen etxegabetua. AZETen arabera, arazoa da ezin duela frogatu Bilbon bizi dela duela hiru hilabete baino gehiago, beste ehunka gazteri gertatzen zaien moduan: "Paperik gabe ezin duzu legezko alokairurik eskuratu, legezko alokairurik gabe ezin duzu non bizi zaren frogatu. Hura frogatu gabe ezin duzu baliabiderik edo dirulaguntzarik jaso eta dirulaguntzarik gabe ezin diozu alokairuari aurre egin". Bidegabekeria ulertezintzat deskribatu dute.
Bilboko udala ere ikuspuntuan jarri dute idatzitako komunikatuan eta etxerik gabeko pertsonen aurka gerra martxan jarri dutela salatu dute: "Hura espazio publikoen itxieran ikus dezakegu (Atxurin edo Areatzan, esaterako), gero eta arruntagoak diren oztopo arkitektonikoetan (kalean lo edo atseden hartzea ezinezko bihurtzen dutenak) edota Poliziaren jazarpen etengabean".
Hiltzen duen "kriminalizazioa"
Bilboko Udalak "pobrezia kriminalizatzen" duen bitartean, etxerik gabeko pertsonak hiltzen direla salatu dute. "Etxebizitzaren eta jabetza pribatuaren merkatua pertsonen bizitzaren eta duintasunaren gainetik jartzen duen gizartearen doilorkeria", AZET Etxebizitza sindikatuarentzat.
20.000 dira hutsik dauden etxebizitzak sindikatuaren arabera, eta horren ondorioz Udalari exijitu diote erantzuna emateko 24 urteko gazteari eta bere egoeran dauden pertsona orori: "Erantzun hori ezin da mugatu larrialdietarako hiru eguneko aterpetxera, harago joan behar du. Egiturazko arazo bati egiturazko erantzuna eman behar zaiolako".