San Frantziskoko Sarean gunea, berriro arrankatzeko prest

uriola.eus 2022ko urr. 12a, 11:30

Mariaren Bihotza plazan kokatutako espazioaren jarduna erdi-geldirik egon da azkenaldian, baina elkarteak martxan jarraitzen du, eta orain, ikasturtearen hasieran, beste behin ere bultzada eman eta proiektuari indarrez berrekiteko gogoz daude. Hori dela eta, auzokideekin saretzen jarraitzeko asmoz, Arranke izendatu duten jardunaldia antolatu dute larunbaterako, hilak 15.

Eguerdiko 12:00etan izango da hitzordua, Sareanen bertan, eta inguruko eragile zein norbanakoak animatu nahi dituzte parte hartzera. "Azken urteotan, hainbat proiekturekin gertatu bezala, garai nahasiak bizi izan ditu Sareanek. Azken ostalaritza proiektuak konfinamenduarekin batera itxi zituen ateak, eta ezin izan zituen atzera ere ireki. Horrek behartu gaitu aldi batez lokala ixtera. Hala ere, elkartean ez gara geldirik egon, eta denbora tarte hau aprobetxatu dugu ebaluatzeko, eztabaidatzeko, aurrera begira jartzeko, irudimena erabiltzeko eta geure burua birkonfiguratzeko. Programatzen jarraitu dugu, maiztasun urriagoarekin izan bada ere; beste kolektibo batzuekin eta auzoko lagunekin harremanetan jarraitzen saiatu gara, zaintza sarearekin edota taldeen koordinadorarekin, kasurako. Gau Irekiaren bi edizio egin ditugu, eta Plazan proiektuaren lehenengo edizioa ere bai", azaldu dute Sareanetik.

Bada, orain berriro arrankatu nahi dute: "Espazioaren ateak berrireki, programazioari modu jarraituan berrekin, aliantzak sortzen jarraitu, komunitate proiektu berriak irudikatu eta auzoko bizitzari ekarpena egin (bizitza kolektiboago, justuago eta alaiagoa), kolaborazioa eta kultura oinarri".

Hori guztia martxan jarri eta jende berriak proiektua hurbiletik ezagutzeko, honako egitarau hau prestatu dute larunbaterako:

12:00-12:30 Proiektuaren aurkezpena: Zer den eta zein den egungo egoera

12:30-13:30 Elkar ezagutu. Elkarrizketa eta parte-hartze proposamenak

13:30 Bermuta eta piknika