San Frantziskon gaurko aurreikusita zegoen etxegabetzea gelditu du AZETek

uriola.eus 2022ko urr. 19a, 13:01

Urriaren 10ean, Gorte kalean familia bat etxegabetze arriskuan zegoela gogorarazi zuen etxebizitza sindikatuak. 12 urte zeraman familiak bertan bizitzen eta larunbatean iragarri zuten azkenik auzoan geldituko zirela. 

Carmen eta bere familia San Frantziskoko Gorte kaleko bere etxean bizitzen jarraituko dute. Duela aste bat AZET etxebizitza sindikatuak salatu zuen Udal Etxebizitzak San Frantziskon 12 urte zeraman familia etxetik bota nahi zuela. Urriaren 19rako iragarrita zegoen baina larunbatean azaldu zuten hura gelditzea lortu zutela eta gaur ez da gauzatu, sindikatuak aipatu bezala.

AZET-ek azaldu duen moduan aspaldi zorpetu egin zen familia ez ordaintzeagatik. Arazoa konpontzeko, Udal Etxebizitzak-ekin akordio bat sinatu zuten ordainketa hori zatikatu ahal izateko. Hala ere, udan gutun bat heldu zitzaien etxegabetze abisuarekin. "Akordioak ez du etxegabetzea geldiarazten, zorrari zegokiolako, ez etxean geratzeari", azaltzen zuen komunikatuak.

Sindikatuak salatu zuen Carmen ahal zuen guztia egiten ari zen arren instituzioek axolagabekeria erakusten ari zirela: "Erakundeek eskaintzen dioten gauza bakarra indarkeria da. Egiturazko indarkeriari, orain, etxegabetzearen, deserrotzearen eta indarkeria instituzionalaren indarkeria gehitzen zaio".

Sindikatuak argi utzi du, ez duela bakarrik utziko Carmen eta bere familia eta "aurrean eta antolatuta" aurkituko dituztela adierazi dute: "Borroka egingo dugu beste inork ez dezan etxea eta auzoa eman". Horri esker lortu zuten etxegabetzea gelditzea urriaren 15ean iragarri zuten moduan. Lan sindikalari esker Udal Etxebizitzak etxegabetze eskaera erretiratzea lortu dutela adierazi du AZET-ek.