Euskarazko literatura “zulotik argitara” aterako du Xake Espazioak

uriola.eus 2023ko urt. 9a, 11:12

Bilbo Zaharreko topaguneak ekimen berria jarri du martxan, modu zabalean ulertutako literatur lanak aurkezteko aukera emango diena sortzaileei.

“Zalantza barik, gure herrian komunikabideek berotutako argi izpien itzaletan dauden sortzaile bikain asko dago. Beraz, fokutik kanpo amesten duten horien ahotsa entzun nahi dugu, tokia eskaini eta bidea elkarrekin egin”, azaldu dute Xake Espazioko lagunek.

Aipatu bezala, literaturari ikuspegi zabaletik erreparatuko diote; hala, idatzizko, esanezko, errezitatutako nahiz abestutako moldeei egingo diete tokia. Bada, parte hartzeko interesa dutenek mezu elektronikoa bidali beharko dute bilbokoplaza@gmail.com helbidera, eta aurkeztu nahi duten horri buruzko oinarrizko informazioa eman.

Zulotik argitara emanaldiak hilean behin egingo dira Xake Espazioan bertan (Bilbo Zaharreko plazan). Zehazki, hileko hirugarren ostiraletan izango dira hitzorduak, 20:00etan hasita.