Bizkaiko SOS Arrazakeriak elkarretaratzea antolatuko du gaur poliziaren gehiegikeria eta arrazakeria salatzeko

uriola.eus 2023ko ots. 22a, 15:02
Argazkia: Bizkaiko SOS Arrazakeria

Elkarteak San Frantzisko auzoak pairatzen duen “militarizazio” prozesua salatzeko elkarretaratze bat eramango du aurrera gaur 19:30etan, Fleming Plazan.

Adierazi duenez, 7 eguneko tartean soilik, poliziaren 50 ibilgailu desberdinen presentziaz ohartzen zuten abisu ugari jaso ditu. Horretaz gain, polizia-agenteen kopurua ere nabarmena izan da. Elkartearen iritziz, dagoeneko ohikoa bihurtu da auzoan udaltzainen eta ertzainen zabaltzea. Zehazki, aurtengo otsailak 11tik 19ra bitarte jasotako datuen arabera, auzoan bildutako agenteen % 43a udaltzainak izan dira, % 57a, aldiz, ertzainak.

Presentzia polizial horrek, segurtasun sentsazioa areagotu beharrean, baldintza zaurgarrietan bizi den jendearen jazarpena suposatzen du eta ez du egiazko mehatxuekin zerikusirik.  Ertzaintzak eta Bilboko Polizia Munizipalak eskainitako datuei erreparatuta, 2021ean San Frantziskok osatzen duen barrutian, Ibaiondon, delituek % 18ko jaitsiera izan zuten.

“Arrazializatutako pertsonen gorputzak soilik kriminalizatzen direnean, eta, bereziki, gizonezko gazte migratuen gorputza, galdu egiten da bizi-baldintza duinetara iristea eragozten duten politika publikoei buruz hausnartzeko aukera”. Era horretan, elkarteak profil etnikoaren araberako geldialdiak eta polizia-sarekada arrazistak kritikatu ditu.

Gaurkoaz gain, hurrengo asteetan beste hiru elkarretaratze egingo dira helburu berdinarekin: San Frantzisko auzoaren “militarizazioa” salatzea.