Gaur hasiko ditu udalak Iturribide kalea itxuraldatzeko lanak

uriola.eus 2023ko ira. 20a, 12:32
Argazkia: Bilboko Udala

Iturribide eta Aurrekoetxea kaleetatik Zazpi Kaleetara dijoan espazioari “estetika modernoagoa eta atseginagoa” eman nahi dizkio Bilboko udalak.

3.100 metro karratuko espazio hau berriztatzeko obrak 1.117.559,21 euroko aurrekontua du eta sei hilabete iraungo ditu. Oinezkoentzat pentsatutako eremu bat sortzea izango da lanen helburu nagusia. Honetarako galtzada handitu eta kale guztia maila berean jarriko da, oinezkoei lehentasuna emanez, galtzada mugatzeko elementuak kendu eta hauen ordez eserlekuak eta jardinerak jarriko dira, eta kaleko argiztapena hobetuko da, hormako luminariak luminaria bertikalengatik ordezkatuz eta hauen banaketa homogeneoa eginez. Aldaketa hauez gain, bizikleten erabilera sustatzeko bizikleta-aparkalekuak jarriko dira kalean.

Sei hilabeteko lanak faseka egingo dira eta egun batez soilik itxiko da kalea asfaltatze-lanak egiteko, obra amaitzean, lanek ibilgailu pribatuen eta A2 lineako autobusen zirkulazioa ahalik eta gutxien oztopatu dezaten, eta oinezkoek dendetara eta eraikinetara sartu ahalko dute betiere.

Auzokideen eskaerari erantzuna

Berriztapen hau Ibaiondo barrutiko auzokideen oniritziarekin eraman du aurrera Bilboko Udalak, Asier Abaunza Obra, Hirigintza eta Proiektu Estrategiko zinegotziak astelehenean egin zuen aurkezpenean esan zuenez. Betidanik Alde Zaharraren ate naguesietako bat eta Santutxurekiko konexioa izan direla azpimarratu zuen, eta biztanleek inguru honen berriztapen bat eskatzen zutela azken urteotan auzoak izan duen beherakada ikusita.