Gaur aurkeztu dituzte “Cafe Bar Bilbao” Antzerki Laburreko Sarien XXI. edizioaren txapeldunak

uriola.eus 2024ko urt. 18a, 13:51

Iñaki Cid Larrea, Pantzo Hirigarai, eta Braulio Cortés Díaz izan dira aurtengo sarituak.

21. urtez, aurten ere Cafe-Bar Bilbaok banatu ditu Antzerki sariak. Urtez-urte ospatzen dute antzerki motzen lehiaketa (30 minuturainoko luzera duten lanak bakarrik aurkez daitezke), eta dagoeneko izen handiko data bilakatu da bertako eta urrutiko gidoilarientzat. Mikel Martinez aktore eta tabernaren jabea izan da berriz ere sariak banatu dituena, “beti berdina esaten dut baina jende berria dago”; aurten gainera hiru izan dira sarituak, bi euskarazko gidoien kategorian eta bakarra gaztelerazkoan.

Dolua gai

Euskarazko lehen saritua Pantzo Hirigarai izan da, “Dolu” antzezlanarekin. Trilogia batekin aurkeztu da Hirigarai leihaketara, eta hiru lanetatik “Dolu” izan da saritua, adiskide taldean izandako heriotza batetik jaio zen lana, “hiru adiskide elkartzen dira, lagunaren ehorzketa delarik, eta heriotzari buruz gogoeta egiten dute (…) ehortzi duten laguna sartzen da gelan, hitz egiten du haiekin baina ez dute entzuten ez ikusten”. ibilbide zabala du kazetari eta animatzaile baigorriarrak, Iparraldeko Euskal Irratietan, Bereziki Irulegiko Irratian ibilia da, egun erretiratua, baina horrek ez du bere lana eten. Aspalditik jorratu izan du antzerkia, lehenik aktore eta ostera idazle, eta egun 30 euskarazko lan inguru pilatu ditu, Iparraldeko antzerki konpainia desberdinek interpretatuak.

Iñaki Cid Larrea izan da bigarren saritua, haren lana ere doluaren haritik tiraka, “Arropa Zuria”-k gure amek eguneroko keinu txikien bidez gutako bakoitzean uzten duten ondareari buruz datza; “gurasoak ez daudenean faltan botako dituztela jakin arren, haiengana gehiago hurbiltzeko, aholkuak eskatzeko, edo, besterik gabe, haiek entzuteko gai ez diren pertsonentzat idatzitako lana da hau”. Idazle eta aktore donostiarrak ere badu ibilbide esanguratsua gurean: 2021ean lortutako antzerkigile berrien bekarekin “Behin Batian Loiolan” antzezlana sortu zuen, Donostia Kutxa literatura saria lortu zuena 2022an, Urte berean “Gaizki” eta  “Duzhe Dobre” antzezlanak sortu zuen, aktore lanetan baita, Pabellon 6 antzerki leihaketan saritua izan zena, eta Lorcaren “Yerma” antzezlana euskeraz aurkeztuko du lehenengoz Zurriola antzerki taldearekin. Euskadi Irratiko Baipasa saioan kolaboratzaile da ostiralero baita ere.

Azkena, baina ez hala gutxiago, gaztelerazko gidoi onenaren saria Braulio Cortés Díaz terueldarrak irabazi du “Diario de Desdichas” lanarekin. 2020ko itxialdia muin, haurrak kalera irten ahal izan ziren lehenengo egun hartako ibilaldi batek girotzen du istorioa. Garai hartako “irrealitate burbuilaz” baliatzen da giza harremanez, gure txikitasunaz, absurduez edota gure txikitasunaz mintzatzeko, umorez eta samurtasunez betiere. Terueldarra 2000. urtean etorri zen lehenengoz EHUn kazetaritza ikasketak egitera, eta 2009az geroztik bertan bizi da; Getxoko Antzerki eskolan, Pablo ibarluzearen Antzerki Fisikoaren laborategian eta Antonio Favarekin, Scuola del Attore Comico-n trebatu izan da aktore gisa, eta gaur egun Arimaktore taldean dabil, haiekin batera bere testuak muntatu eta antzezten, “Encuentro Nocturno de Muerte Y Olvido” eta “Gran Cavaret Pachón” lanak, adibidez.

Partaidetzarekin pozik

Mikel Martinez anfitrioiak azpimarratu duenez, oso pozik daude leihaketak urtez-urte izaten duen parte-hartzearekin. XXI. edizio honetan 31 gidoi aurkeztu dira, 10 euskaraz eta 21 gazteleraz, Hego zein Ipar Euskal Herritik iritsiak. Gazi-gozoagoa izan da, Martinezen hitzetan, emakumezkoen partaidetzaren zifra, “ez dakit hau esatea polita edo itsusia den gizon eta emakumeen arteko desoreka” zioen aktoreak, izan ere hiru izan dira edizio honetako partaide emakumezkoak, euskerazko kategorian bi eta gaztelerazkoan bakarra, “nik uste dut zailtasun gehiago daudela emakumezkoentzat leihatzeko orduan (…) baina antzokietan emakumezko gehiago egoten dira”.

Antzerki txikiaren jaialdi handia

Sari banaketaz gain, datorren otsailaren 29an euskarazko gidoi irabazle bien irakurketa dramatizatua egingo da Cafe Bar Bilbaon, Lautan3 antzerki jaialdiaren baitan. Gainera saritutako lanek Pabellon 6 aretoko Antzerki Arinaren Jardnaldien baitan produkziorako laguntza jasoko dute, gidoi hauek taula gainean ere ikusi ahal izateko.