Urtebetean zehar Bilboko Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu elkartea, Feministalde, Mujeres del Mundo eta beste zenbait gizarte-eragilek, indarkeria matxista pairatu izan duten hainbat emakumeren testigantzak bildu dituzte, egoera horretan aurkitzen diren biktimen erreparazio-eskaerak zeintzuk diren jakiteko. Eskaera horiek izango ditu muinean larunbat honetan, hilak 24, Bilborocken egingo den “Kintsugi” emanaldiak. Japoniako zeramika teknika baten izena da Kintsugi, non hautsitako zeramika piezak hurrezko hautsez eginiko material batekin konpontzen diren, haustura edo orbainetatik pieza berri bat sortuz, hor erreparazioarekin lotura.
Ekitaldiak jazarpen honen biktimen entzute, sinesgarritasun eta duntisaunaren aldeko ekimena izatea du helburu, gizarte gisa dugun erantzukizuna kontuan hartu, eta gaiari buruzko gogoeta eta eztabaidatzea, hain zuzen. Antolatzaileek, gainera, bere gain hartzen dute indarkeria matxistaren desagerrarazpenaren aldeko erantzukizuna, baita biktima izan direnen erreparazioa-prozesuak martxan jartzeko konpromezua ere.
10 emakumek plazaratuko dituzte haien testigantzak larunbatean, tartean Nerea Aizpurua biolontxelo-jotzailearen melodiekin lagunduak. 10 emakumeetatik lau barneko etxeko langile diren emakume migratuak dira, familia enplegatzaileen zaintza lanean aurre egin behar dioten indarkeriari buruz mintzatuko dira. Migratutako beste emakume bat jatorrizko herrialdean eta migrazio-igarobidean paoratutako indarkeria matxistaz arituko da hizketanm bikotekide ohi batengandik erasoak jaso zituen emakume bat eta giza eskubideen defendatzailea den El Salvadorreko emakume trans bat, besteak beste, haren trantsizio prozesuan pairatutako indarkeriari buruz jardungo dena.
Ekitaldiaren ondoren kalejira egingo da Bilborocketik Azaroaren 25eko Emakumeen Plazaraino. Bertan altxatuko den karpan emakumeen erreparazio eskaerak entzun eta kolektiboko antolatzaileek eskaerak jasoko dituzte, jarraian haiek kontuan hartu eta egoerari konponbideak emateko bideak lantzeko. “Biktimen aitortza eta erreparazioa ezinbesteko urratsa da indarkeria matxisten aurkako borrokan, baita instituzioen eta jendartearen erantzukizuna ere” azaldu dute antolatzaileek, eta hala erabaki dute “Kintsugi” ekitaldi hau plazaratzea, larunbat honetan, 11:30etan.