San Francisko Munduko Arrozak ekimenaren edizio berri baten plaza izango da larunbat honetan. Bilboko aniztasunaren eta kulturarteko hartu-emanaren erakusgarri, Munduko Arrozakek aniztasun honek hiriko auzoetara dakarren aberastasuna ospatzea du xede, kultur-aniztasunarekiko aurreiritziak albora utzita. Ekimenak auzoen erabilera libre eta arduratsua ere defendatzen du, sormenerako, elkar-topaketarako eta aldarrikapenerako espazio izan daitezen.
Aurtengo edizioan 70 herrialde desberdinetako 3000 pertsonak eman dute izena. Bihar, larunbata, 09:00etan Mariaren Bihotza plazan bilduko dira partehartzaileak, arroza osagai nagusi izango duten errezetak dastatzeko, auzo hauetan bizi diren biztanle autoktono zein etorkinen integrazioa eta saretzea bultzatzeko xedearekin. Aurkeztutako plater guztiak baloratuko dituzte 6 epaimahaikideek, eta eguneko plater onena sarituko dute.
Goizeko 10etan mahai eta aulkiak banatuko dira, eta izena eman duten sukaldariak arrozak prestatzen hasiko dira; bien bitartean, haur eta gaztetxoenentzat tailer eta ekintzak izango dira. 13:00etan kalejira aldarrikatzailea egingo da auzoko kaleetan zehar, aurten bereziki herri palestinarrari elkartasuna helarazteko izango dena. 13:00etan aurkeztutako arrozak dastatuko dira eta epaimahaiak irabazlea hautatuko du. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera sari banaketak eta dantza eta musika emanaldiez gozatu ahalko dute bertaratzen direnek.