Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan merkataritza eta negozio berriak suspertzeko plana aurkeztu du Bilboko Udalak

uriola.eus 2025ko urt. 15a, 16:07

Ekintza-planak hiru ekintza zehatz hartzen ditu barne, horiekin hiriko auzo horietan zuzenean eta ekimen oso fokalizatuen bidez eragin nahi du.

Bilboko Udalak ekintza-plan bat aurkeztu du gaur, eta Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan merkataritzaren sektorea eta negozio berriak suspertzea eta aktibatzea du helburu. Ekintza-planak hiru programa izango ditu, eta orain, aldi berean, jarriko dira martxan: merkataritzako lokalen kanpoaldea birgaitzeko eta hobetzeko laguntza ekonomikoak, hutsik dauden lonjak aktibatzeko alokairurako laguntza, eta, hirugarrena, DENDART proiektu berria, non artista batzuek itxita eta jarduera barik dauden negozioen pertsianak pintatu eta jantzi dituzten. Jarduera horiek guztiak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez kudeatzen dira

DENDART ekimen aitzindaria da, Bilboko Udalak sustatua, Eusko Jaurlaritzak finantzatua eta BilbaoHistoriko elkarteak eta bertako merkatarien elkarteak gertutik lagundua. Hiri-espazioa berpiztu nahi du mural artistikoen bitartez, eta horietan establezimendu bakoitza berezia eta pertsonala izatea eragiten duen alderdi gizatiarra irudikatu nahi da.

Guztira, hamar esku-hartze egin dira Dos de Mayo, Castillo Jeneralaren, Lamana eta Bailen kaleetan, merkataritzaren eta auzoaren beraren ingurunea hobetzeko ibilbide kultural bat proposatzeko. Horrez gain, pizgarria ere izan nahi du herritarrek tokiko kontsumoa egin dezaten eta beste negozio mota batzuk sortu eta agertu daitezen. Obra horiek Bilboko elementu eta pertsonaia enblematikoen adierazgarri dira, hala nola Unamuno, Pichichi, Rafaela Ybarra, Casilda Iturrizar, Eulalia Abaitua edota Sindicato de la Aguja.

Ekimen berri honen komisarioa Kiko Alcazar da, zeina Londresko Tate Modernek saritu duen. Alcazarrek nazioarteko artistak erretratatu ditu, hala nola, Shirley Bassey, eta horrez gain, Grace Kellyren irudi bat ere berregin du, gaur egun Monakoko Printze Albertok duena haren bilduman. Berarekin batera artearen munduko bost artista ezagun hauek parte hartu dute muralak egiten: Eva Mena, Ornella Munar, Janire Orduna eta Florin Gradinaru.

Ekimen aitzindari honek, gainera, osagarri gisa, erakusketak, mahai-ingurua eta bisita gidatuak egingo ditu herritarrentzat. Erakusketak Alcazarren eskutik egingo dira Expogelan (San Frantzisko) eta San Frantziskoko Zentro Zibikoan urtarrilaren 15etik aurrera. Mahai-ingurua artistekin eta komisarioarekin BBK Kunan izango da urtarrilaren 24an, 18:00etan.

Bisita gidatuak  urtarrilaren 25ean eta otsailaren 1ean izango dira, 11:45etik aurrera, eta izena eman behar da BilbaoHistoriko elkarteko nahiz San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako Merkatarien eta Enpresen elkarteekin harremanetan jarriz.