“Kulturarteko Galerna" erakusketa Bilboko barruti guztietatik igaroko da

uriola.eus 2025ko ots. 24a, 10:53

Egilea: Bilboko Udala

San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako sormen eta arte eskaintza oparoa erakutsiko du erakusketak. Lehenengo geltokia Abando da eta otsailaren 28an beste barruti batera igaroko da. 

Pasa den hilaren 18tik “Kulturarteko Galerna" erakusketa Abandoko udaltegian dago eta otsailaren 28an bste barruti batera joango da. Bilboko barruti guztietan izango da, eta San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako kultura-, sormen- eta arte-eskaintzaren aberastasuna eta aniztasuna erakutsiko du.

Erakusketak ehun bat irudi eta bideo jasotzen ditu joan den maiatzean Emakumeen plazan egin zen "Kulturarteko Galerna" jaialdian, Olga Ruiz argazkilari bilbotarraren objektiboaren bitartez, Sergio Verde argazkilariaren eta Kamangako sortzaile digitalen taldearekin batera.

Talde horrek prestatu du erakusketa, eta uriko zonalde kosmopolitena aurkezten du. Ijito-herriaren eta bost kontinenteetatik etorritako pertsonen presentzia garrantzitsua nabarmentzen da, eta aberastasun eta panorama berezia osatzen da, kultura horien aniztasunari esker.

Erakusketaren bidez, Bilboko bizilagunei gonbita egiten zaie etengabe aldatzen ari den uriko gune historiko honetako txokoak ezagutzera, bizitzera eta gozatzera.