Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVIII. edizioak Bizenta Mogelen Ipui Onak obra izango du protagonista bihar, ekainaren 5ean. Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen ekimena da eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesa du. Arriaga Antzokian izango da goizeko 08:00etatik 14:00etara.
Urtero bezala, Arriaga plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpi Kaleetako eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa egongo da ikusgai egun hauetan.
Nerea Ibarzabal kulturgileak emango dio ahotsa Bizenta Mogeli, eta bera izango da Arriagan Ipui Onak-en lehenengo lerroak irakurriko dituena, goizeko 08:00etan. Ondoren, 200 pertsona inguru txandaka arituko dira goiz osoan zehar udal antzokiko Foyer-en jarritako mikrofonoaren aurrean. Euskal gizartearen arlo guztietako jendeak parte hartuko du: kultura- eta gizarte-eragileek, ikasleek, irakasleek eta erakunde mota guztietako ordezkariek. Horri antolakuntzan egongo diren beste 50 boluntario gehitu behar zaizkio.
Emakume baten euskarazko lehen liburua
Bizenta Mogel Elgezabal (Azkoitia 1782- Abando 1854) emakume eta kulturgile aitzindaria izan zen. Azkoitian jaio bazen ere, urte bat zuela aita hil egin zen eta familia osoa Markinara mugitu zen. Bertan bizi izan zen 1817ra arte.
Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara 1804an. Artean ez zen ohikoa emakumeek irakurtzen jakitea, are gutxiago latina ikastea. Obra horrekin bihurtu zen Mogel, 22 urterekin. euskaraz liburu bat argitaratu zuen lehen emakumea.
Ipui onac aukeratzearen hiru arrazoi ditu Bilbo Zaharra Euskaltegiak: euskal literatura eta Europako literatura klasikoa lotzen dituelako, literatura-genero primitiboari lekua egiten diolako eta emakume batek euskaraz publikatutako lehen obra delako.
Ipui Onak-en lehenengo lerroak irakurriko dituen kulturgileak, Nerea Ibarzabalek alegia, Bizentak bezalaxe, Markinan igaro zuen gaztaroa. Bi aldiz izan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea, eta beste behin Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista. 2022an Bar Gloria liburu arrakastatsua argitaratu zuen.
Euskara ikasteko zentroa baino gehiago
Aurreko edizioetan liburu hauek irakurri dira ekimen honetan, besteak beste: P. Axularren Gero, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren Ipuin hautatuak, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Ramon Saizarbitoriaren Martutene eta Kirmen Uriberen Bilbao-NewYork-Bilbao.
Bilbo Zaharra euskaltegia, Bilboren bihotzean, euskara ikasteko zentroa baino gehiago izan da beti. Horren lekuko dira, antolatutako hainbat ekimenak: Gorozikako barnetegia, Barra-barra aldizkaria, euskara-planak egiteko zerbitzua, itzulpen-zerbitzua, Berbaldun taldea... eta baita Bilbo Zaharra Forum ekimena ere, eta hortxe kokatzen da Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea egitasmoa. Honek hasieratik helburu bikoitza izan du: batetik, euskal kultura herritarren artean sustatzea eta prestigiatzea, eta bestetik, ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina saritzea.