San Frantzisko familia bat etxegabetu du Bilboko udaltzaingoak, ertzaintzaren laguntzarekin eta Tamara eta haren adin txikiko bost seme-alabak kale gorrian geratu dira. Oraingo honetan Bizkiako Foru Aldundia izan da etxegabetzeren agindua eman duena, Tutoretza Erakundearen bitartez. AZET Etxebizitza Sindikatuak salatu du Bilboko Udalak ez diola «inolako alternatibarik» eman familiari.
Goizean goiz bildu dira AZET Etxebizitza Sindikatua eta herritar ugari etxegabetze saiakera salatzeko, eta horri aurre egiten saiatzeko, San Frantzisko kalera. Deialdia goizeko 08:00etan izan da eta etxebizitzaren aurrean bildu dira, baina poliziaren presentzia lehenagotik egon da kalean. Zortzirak aldera kalea moztu dute. Idazkari Judiziala 9:15ean iritsi da eta sindikatuko kideak prest agertu dira eurekin hitz egiteko eta negoziatzeko. “Idazkari judizial hori, badakigu entzuten ari zarela. Zurekin hitz egin nahi dugu, etxegabetzea bertan behera uzteko modua negoziatzeko”, oihukatu diote bozgorailutik baina ez du fruiturik eman.
Elkarretaratzeak iraun duen bitartean, oihuka eta zarataka aritu dira: “Kaleratzeen aurren klase elkartasuna”, “Kaleratzen dutenak, herriaren etsai”, “Horko horiek jendea etxegabetzen dute” eta “Etxebizitza ez da negozioa”.
Etxebizitzaren barruan sindikatuko kideak egon dira, eta horietako bi balkoian kateatu dira etxegabetzeari aurre egiteko. Hori dela eta, suhiltzaileak bertaratu dira, eta manifestariek behin eta berriz oihukatu diete “solidario” izateko ukatzeko “Bombero, niegate” abestuz. Suhiltzaileek koltxoneta bat jarri dute espaloian “bizitzak defendatu ordez, jabetza pribatua defendatuz”.
10:30ean gauzatu da etxegabetzea: etxebizitzara sartu dira, barruan zeudenak kanporatu eta kateatuak soltatu dituzte. Etxegabetzearen ondoren, gaur arratsaldeko manifestazioaren berri eman dute: 18:30ean Mariaren Bihotza plazatik.