Mugak Zabalduz Karabanak bihar egingo du irteera ekitaldia

uriola.eus 2025ko uzt. 10a, 14:44

Mugak Zabalduz Karabanaren aurtengo edizioa Irun eta Gironatik aterako da larunbat honetan eta Baiona, Portbou, Calais, Dunkerque eta Toulouse bezalako mugako puntu kritikoak zeharkatuko ditu. Bilbon ostiral honetan, hilak 11, irteera ekitaldia antolatu dute. Karabanak herritar, gizarte-mugimendu eta komunikabide guztiak gonbidatu nahi ditu ekimen honekin bat egitera.

Aurten ere, Mugak Zabalduz Karabanak bere ibilbideari ekingo dio, migratzaileen errealitate ahaztuak ikusarazteko eta giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzten Europako migrazio-politikak salatzeko. Estatuko hainbat tokitatik etorri eta Euskal Herritik ere abiatuko dira hainbat herritar. Lehenengo, Bilbon aldarrikapen eta festa eguna egingo dute bihar, hilak 11, Bilbo Zaharreko plazan arratsaldeko 19:00etan.  Hurrengo egunean, uztailaren 12an, Irunera aiatuko da, bertatik aterako baita.

Hamargarren edizio honetan, beraz, Karabana Irun eta Gironatik aterako da eta Baiona, Portbou, Calais, Dunkerque eta Toulouse bezalako mugako puntu kritikoak zeharkatuko ditu. Era berean, balioa eman nahi die migratzaileek beren kabuz antolatutako guneei eta gizarte-kohesioan eta elkarrekiko elkartasunean egiten duten funtsezko lanari.

Igandean, hilak 13, Parisera abiatuko dira eta bertan, ahotsa altxatuko dute Eliseoren eskuinaratzearen eta bere politika gero eta deshumanizatuagoen aurrean, eta Israel estatu genozidarekin duen konplizitatea salatuko dugu, baita estraktibismo neokolonialaren bidez indarkeria erabiltzen duten erregimen eta estatuekin duen konplizitatea ere.

Karabanaren erdiko etapak Mantxako kanalera eramango ditu. Egun, 1800 pertsona inguru gaizki bizi dira Calaisen eta Dunkerquen, kanpaleku inprobisatuetan, askotan edateko urik, elikagairik, osasun-arretarik edo ostatu duinik gabe. Kokaguneetan, Frantziako poliziak, kasu askotan, indarkeriazko ateraldiak egiten ditu. 2000. urteaz geroztik, kalkulatzen da 400 pertsona baino gehiago hil direla kanala zeharkatu nahian. Hilabete honen hasieran, 81 pertsona erreskatatu behar izan zituzten beren ontzi txikia Mantxako kanaleko uretan hondoratu zenean.

Egoera larriagoa da bide legal eta segururik ez dagoelako, asilo-sistema txarra delako eta Frantzian babesa eskatzeko ezintasuna dagoelako, Dublingo itunak direla eta. Akordio horien arabera, migratzaileak itzuli behar dira lehenengoz jaso zituen herrialdera, kontuan hartu gabe horietako askok senideak edo harremanak dituztela Erresuma Batuan; ondorioz, Calais eta Dunkerque dira azken muga, eta tranpa bihurtzen da, batzuetan hilgarria.

Toulousen egingo dute azken etapa, eta bertan tokiko erakundeen proiektu solidarioak eta jabetza galtzearen eta diskriminazioaren aurrean dituzten erresistentzia eta duintasun estrategiak ezagutuko dituzte. Espainiar errepublikarren iragan migratzailearen eta haren derrigorrezko erbesteratzearen aztarnak aztertuko ditugu, aitortza egiteko eta memoria politikoa berreskuratzeko ekitaldi batean.

Gorroto, xenofobia eta beldurrezko mezuak zabaltzen dituzten eskuin muturreko alderdi eta liderren gorakadak markatutako testuinguru batean, Mugak Zabalduz Karabanak salatu nahi du migratzaileen kriminalizazioa, Europako segurtasun eta identitatearen aurkako mehatxu gisa aurkezten baitira pertsona horiek, eta haiekiko elkartasun zantzu antolatua edo indibiduala erakusten dutenak jazartzen da etengabe. Horren aurrean, giza eskubideen defentsarekin eta herrien arteko elkartasunarekin duen konpromisoa berresten du Karabanak.

Ibilaldi osoan zehar oroitzapen berezia izango dute herri palestinarrarekiko, Israelek eta Estatu Batuek bultzatutako politika genozida bortizki jasaten ari baitira, Europar Batasunaren isiltasun konplizearen aurrean.

Mugak Zabalduz Karabanaren helburua argia da: gizartea mobilizatzea eta Europako mugetan (kanporatuak barne) migratzaileek jasaten dituzten baldintza ankerrak ikusaraztea. Horregatik, herritar, gizarte-mugimendu eta komunikabide guztiak gonbidatzen ditugu ekimen honekin bat egitera eta migrazio-politiketan giza eskubideekiko errespetua eskatzera, bai eta gorroto-diskurtsoen aurkako borrokara eta pertsona guztien duintasuna eta eskubideak defendatzera ere, jatorri-bereizketarik gabe.