Elorriaga, banderetako mendia

prestaldizkaria 2012ko urt. 5a, 13:34

Berrizko mendia, San Bartolome, San Agustin, Banderak, Elorriaga… zazpi izen Deustuko mendirik altuenerako. Tontor ezaugarria, erabilera militarra edo poliziala eman diote azken berrehun urteotan.

Deustuko agiri zaharrak begiratuta, zazpi izen aurkitu ditugu mendi bakarra izendatzeko. Eta tontor nabarmena da, Deustuko garaiena (222 m), garrantzi handikoa hala ikuspegi sozialetik (esaterako, bertatik egiten zuten herriko abadeek soloen bedeinkazioa maiatzeko Gurutzean) nola gatazka militarretan.

Teofilo Guiardek, Bilboko historialari klasikoak, idatzi zuenez, mendiaren jatorrizko izena Elorriaga da. Izen bateko baserria dago, oraindik ere, muinoaren ipar mendebaldeko hegian. Elorriaga izenak inguruko berezko landaretza dakar hizpide, alderdi horretako beste baserri batzuek bezalaxe: Arteaga, Artadiko… Artxandako mendilerroaren mutur hori elorri eta artearen eremuak izan ei ziren.

Baina, egiari zor, agirietan bestela izendatuta ikusi dugu maiz: Berrizko mendia (Berriz baita ondo-ondoan dagoen baserri auzoa), San Bartolome eta San Agustin (tontorretik hur zegoen ermitaren santu titular biak; oso ohitura zabaldua izan zen mendien jatorrizko izena inguruko baselizaren santuarenaz ordezkatzea). Atalaya izena ere erabili zuten, baina horrekin mendialdeko gainaldea esan nahi zuten.

Izan ere, Elorriaga mendiko gailurra talaia bikaina da itsas aldea eta Ibaizabalen azken kilometroak ikuskatzeko. Horregatik, 1630ko hamarkadan, Frantziako eta Espainiako erresumak elkarren kontra oldartu zirenean, frantsesen balizko inbasioaren beldur, Bilboko Udalak mendiko magaletan trintxerak atondu zituen, defentsarako gotortu nahian. Zelatariak paratu zituzten, etsaien barkuak ikusi orduko abisua eman zezaten. 1674an ere baziren.

Defentsa lan horiek garrantzitsuak izan ziren –bilbotar agintariek urtero ikuskatzen zituzten San Bartolome eguneko bisitaldian-, baina arriskua desagertu ahala, gutxika-gutxika ahaztu egin zituzten. 1737ko bisitan bilbotar kargudunek zehaztu zutenez, talaiarako bidea zarratuta zegoen eta “la casa o cañon nombrado la atalaya se halla enteramente demolida y se ven sólamente sus vestigios a raíz del suelo”.

Hain leku estrategikoan izanda, ez zen luzaroan hutsik egon. 1791n Bilboko Kontsulatuak –merkatarien eta itsasgizonen elkarteak- bandera bidezko komunikaziorako eskatu zuen: Kontsulatuak Deustuko Udalari jakinarazi zionez, “mirando el maior beneficio del comercio y nabegación ha resuelto poner en la parte de Algorta señales de banderas y otras que correspondan después de la hermita de San Bartolomé jurisdicción y término propio de VS llamado la Atalaya permitiéndosele como espera por VS para la entrada y salida de embarcaciones con un corto término cercano a los rollos que para dichas banderas deverán ponerse de tejabana o garita que sirba de sujeto”.

Hortik erabilera berria mendirako eta izen bat gehiago zerrendarako: Bandera edo Banderak mendia. Bertan etxetxoa zeukan Kontsulatuak, baina urte batzuk geroago, lehenengo gerra karlistan, txabola hura gotorleku militar sendoa bilakatu zuten, Bilboko defentsarako. Liberalen forte hori berehala (1835) hartu zuten karlistek eta, ondoren, hala lehenengo gerran nola bigarrenean, borrokaldi latzak gertatu ziren inguruetan.

Bigarren gerraren ostean erabilera militarrerako eraikinez josita zegoen tontor estu hori: lehengo etxetxoa baserria zen eta hari atxikita lau pabilioi, tropen babeserako. Dena, harresi batean bilduta.

XX. mendean Espainiako armadak bere Gobernuaren esku laga zuen eta horrek Espainiako poliziari ‘saldu’ zion. Gaur egun, poliziak erabiltzen du tontor alde hori, bere komunikazioetarako. Gailurrean, antenak, eraikina eta antzinako fortearen hondar apurrak besterik ez dago.

Testua: H.O. / Argazkiak: guregipuzkoa.net ©cc-by-sa Ojanguren, Indalecio