20 urte sustraietatik loreetara

prestaldizkaria 2012ko ots. 8a, 18:24

Iaz Deustuko Gazte Lokalak 20 urte bete zituen eta aitzaki horregaz musika bilduma bat argitaratzea bururatu zitzaien asanbladako gazteei. Salgai dago 15 kantuz osatutako CDa.

Bi hamarkada ez dira urtero betetzen eta zenbaki borobil horrek merezitako ospakizuna behar zuen. Hori dela eta 2010eko udan abesti bat egiteko ideia bururatu zitzaien Gazte Asanbladakoei. Asanbladakideen artean hainbat musikari daudela aprobetxatuta, Inserta taldeko Garik eta Vitesse taldeko Ivanek hartu zuten musika eta letra konposatzeko ardura. Oinarria hiru ostiraletako lanaren ondorioz lortu zuten, ordu txikietara arte, Gariren etxean egindako estudio kasero batean. Ivanek kontatu digunez “ahotsa Iñaki Meidoren entsegu lokalean sartu genuen eta gero beste egun bat eman genuen astean zehar Gazte Lokalean koroak sartzeko”.

Oso oroitzapen ona gordetzen dute Gazte Asanbladatik, izan ere jai giroan grabatu zituzten koroak. Ivanen esanetan “hamabost pertsona inguru bildu ginen eta bikingoen parean aritu ginen koroak grabatzen, umeak bezala pasa genuen, barrezka eta dantzan”.

20. urteurrena ospatzeko eguna heldu zenean abestia prest zegoen eta helbide elektroniko eta facebooken bitartez zabaldu zuten. Baina lan hori eginda izan zutenean beste erronka bat bururatu zitzaien. Haien esanetan “behin abestia prest zegoenean, formatu fisikoa izatearen beharra ikusi genuen eta orduan gure abestia banatzearen aitzakiarekin bilduma bat egitea bururatu zitzaigun”.

Bildumak 15 kanta dauzka, Gazte Asanbladak egindakoak eta CDari izenburua ematen diona, 20 urte sustraietatik loreetara, eta beste 14 abesti. Hamalau talde ezberdinek parte hartu dute Gazte Asanbladaren egitasmo honetan, eta taldeen aukeraketa ere ez da edonolakoa izan. Ivanen esanetan “taldeak aukeratzeko orduan ondoko hauek izan dira irizpide nagusiak; lehenengoa urte guzti hauetan Gazte Asanbladatik pasa izan den jendearen musika izatea; bigarrena Deustuko taldea izatea, eta hirugarrenez eta azkenengoz, Gazte Lokalarekin harrreman ona izan duten taldeak izatea ala azkenengo boladan bertan jo izan duten taldeak izatea”.

Hamalau taldetatik bost talde deustuarrak dira; All Nighter´s Club, Inserta, Bugatti, Elfo Negro eta Earlie Reflections. Hauetaz aparte Itziarren Semeak, Lobo Electrico eta Vision Tunel bezelako taldeek ere parte hartu dute. Aukeratutako abestiak ez dituzte propio grabatu bilduma honetarako, haien azken diskoetako kantak dira.

Jada agortzear daude Olentzero Egunerako argitaratu dituzten 50 aleak eta orain ale gehiago ataratzea dute buruan Gazte Asanbladakoek. Ivanek esan digunez “diskoak oso harrera ona izan du eta ia ale guztiak salduta daude. 5 euroko laguntzaren truke eskura dezake nahi duenak bilduma Ramon y Cajal kalean dauden Izeki eta Logia tabernetan eta Luzarra kaleko Atxuri tabernan”.

Esperientziaren inguran galdetu diogunean zera esan digute: “Kristoren esperientzia izan da, ederto pasatzeaz gain gure ustez disko honen bitartez Gazte Lokalaren aurkezpen eta zabalpen ezinhobea egin dugu. Izan ere, ideiak zabaltzeko eta jendea batzeko instrumentu onenetarikoa izan daiteke musika, askotan diskurtso politikoak baino indar handiagoa du musikak”.

Ziur otsailean eta martxoan datozkigun inauterietan eta Deustuko jaietan entzuteko aukera izango dugula!!!

Testua: Ane Rotaetxe / Argazkiak: Gazte Lokala

Gazte Lokaleko berri hemen