Viviana Rojas: “Paraguai maite dut, baina hemen hobeto nago”

prestaldizkaria 2012ko mar. 5a, 17:02

Viviana Paraguaiko bizilaguna da. Oriotarra tabernan pintxo egile da eta asko gustatzen zaio bere lana, jende ugari ezagutu duelako. Deustun oso ondo hartu dutela dio Vivianak eta oso ondo eta erraz egokitu dela. Semea Deustuko Ikastolan dauka ikasle, eta etorri zirenetik ez dute hemendik mugitu nahi.

Noiztik zaude hemen?

Orain dela 7 urte etorri nintzen. Hasieran Arangoitin bizi nintzen, lehenengo bi urteak. Gero Deustura pasatu nintzen, eta inoiz ez dut lekuz aldatzeaz pentsatu. Deustun dena daukat eskura, lantokia hurbil daukat eta semearen ikastola ere alboan dago. Horrek askatasun gehiago ematen digu, bera bakarrik eskolara joan daitekeelako.

Hemen ezartzea asko kostatu zitzaizun?

Ez, batere ez. Hasieran pentsatzen nuen oso gogorra izango zela, baina, zorionez, hona heldu nintzenean oso arin egokitu nintzen. Etorri baino lehen esan zidaten hemengo jendea hotza zela. Baina guztiz kontrakoa topatu nuen. Jendea oso abegitsua zen, ahal zutenean laguntzen zidaten. Etorri nintzen dirua irabazi eta hara bueltatzeko asmoarekin, baina hain gustura sentitu nintzen, hemen geratu nintzela.

Zure semea ere ondo egokitu al da?

Semea lehenengo momentutik ikastolara sartu nuen, euskara ikas zezan. Hasieran kostatu zitzaion. Zazpi urterekin etorri zen eta hizkuntza berri bat ikasten hastea gogor egin zitzaion. Baina orain oso ondo moldatzen da euskararekin, eta berak ere ez du hemendik mugitu nahi.

Nola erabaki zenuen Euskal Herrira, eta Deustura, etorri nahi zenuela?

Han, nire herrialdean, negozio bat neukan, zapata denda bat. Baina bertako ekonomia ez zebilen ondo, ezta nire negozioa ere. Lagun batek esan zidan hemen jendea hobeto bizi zela. Bera lehendik lan egitera etorria zen eta herrialdea ezagutzen zuen. Aukera ona zela pentsatu nuen eta, azkenean, biak etorri ginen lan egitera, eta gaur arte.

Zein da hemen bizi izandako momenturik onena?

Lan egiten dudan tokian lan egitea da gertatu zaidan onena. Asko gustatzen zait egiten dudana eta jende askorekin nago harremanetan. Bizi izandako onena hemengo jendea ezagutu izana da.

Eta txarrena?

Familiatik urrun egotea da txarrena. Han daukat zortzi urteko alaba. Baina udan oporretan joango gara eta ia zortea daukadan eta ekarri ahal dudan. Hori da falta zaidan bakarra.

Paraguaira inoiz bueltatzeko asmorik daukazu?

Ez litzaidake gustatuko. Nire herrialdea maite dut, baina hemen hobeto nago. Gehiago sentitzen naiz hemengoa, hangoa baino. Oporretan hara joan nintzenean hona bueltatzeko irrikan nengoen. Egoera bereziren batean soilik bueltatuko nintzateke. Alaba ezin badut ekarri, bueltatu beharko naiz.

Zein da hango egoera hizkuntzarekiko: guarania?

Guarania hitz egiten da Paraguai osoan zehar. Hizkuntza ofiziala da eta denok ezagutzen dugu, eta ondo hitz egiten dugu. Baina normalean bi hizkuntzak nahasten ditugu hitz egiterakoan, guarania eta gaztelera. Jopara deitzen da. Hori da eskoletan ikasten dena. Guarania ikasgai huts moduan ematen da, hemengo A ereduko euskara bezala. Hemen jende asko dago euskara ez dakiena, baina han denok dakigu guarania. Agian denek ez dakite idazten baina ulertu eta hitz egin bai. Eta norbaitek esaten badu Paraguaikoa dela edo Paraguain bizi izan dela eta ez duela guarania ulertzen, gezurretan dabil.