Alegazio andana Deustuibarra-Zorrotzaurreko Hirigintza Planari

prestaldizkaria 2012ko mar. 5a, 17:10

Urtarrilaren 24an bukatu zen Deustuibarra-Zorrotzaurre gunean Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren onarpenari alegazioak aurkezteko epea. Udal gobernuak sakoneko eztabaida sozialik gabe onartu zuen iazko azaroan. Parte-hartze eza agerian gelditu da, beste behin ere. Deustuibarrako zein San Ignazio-Tellaetxeko auzo elkarteek, Basabeko bizi lagunek, EHUk, Ekologistak Martxanek edota Zorrotzaurre Industria Elkarteak kexa ugari plazaratu dituzte aurkeztutako ia 40 alegazioetan.

Zentral termiko bat eraiki nahi izateak kezka ugari sortu du. Deustuibarra-Zorrotzaurreko Batzorde Eraikitzaileak zentral termiko bat eraikitzeko asmoa agertu du Sarriko inguruan. Zentral honen zeregina zonalde berrirako ur beroa eta berogailu sistema ekoiztea izango litzateke. Halako zentralek, kutsakorrak izateaz gain, zarata handia sortzen dute. Eta honek lehenengo talkak sortu ditu, batez ere, Basabeko bizilagunen artean eta Euskal Herriko Unibertsitatean zein Ekologistak Martxan taldean. Biek ala biek zalantzan jarri izan dute bai zentralaren beharra bai kokalekua.

EHUk argitzen du berogailu sistema berri horren erabakia Planak diseinatutako eraikinen forma “arraroen” ondorioa izan dela. H forman aurreikusitako eraikinek ezinezkoa egiten dute haien gainean eguzki plakak jartzea eta horregatik erabaki du Udalak zein Zorrotzaurreko Batzordeak zentral termikoa Sarrikon eraikitzea, campus-aren zabalkuntza oztopatuz.

Ekologistak Martxan erakundea areago doa eta erabakia Ingurumen gaineko Eraginaren Ebaluaketarik gabe hartu dela salatzen du. Ekologistek Hirigintza Plana baliorik gabe uztea eskatu dute.

Mugikortasuna, ekipamenduak, berdegune eza, proiektuaren faseak edota egungo tailer zein lantegien etorkizuna arazoei heltzen diete gainontzeko alegazioek. Ekologistak Martxan elkarteaz gain, mugikortasuna landu izan dute Deustuibarrako zein San Ignazio-Tellaetxeko Euskaldunako Zubia eta Kanala auzo elkarteek, hurrenez hurren. Erriberakoek egungo bizilagunek, Hirigintza Plan berriarekin, kotxea aparkatzeko izan dituzten arazoei ekiteko eskatu dute eta San Ignaziokoek Juan de Antxieta kalerako aurreikusi duten karrilak murriztea dute helburu.

Ekipamendu ezaz kezkatu da Euskaldunako Zubia auzo elkartea. Ekipamendu pribatuak aspaldi zehaztuta daude, IMQko klinika, publikoak, aldiz, zehaztu gabe daude edo Hirigintza Plan batetik bestera desagertu dira, Deustuibarrako plazan egun dagoen kirol ekipamenduarekin gertatu den bezala. Honetaz gain, Planak aurreikusten duen eraikuntza-dentsitate altua 5.473 etxebizitza berri, zein gune berdeen azalera urria gogora ekartzen dute Erriberakoek.

Deustuibarran eta Zorrotzaurren dauden tailer eta lantegiek bestelako kezkak dituzte. Zorrotzaurreko Industria Elkarteak zigortzat hartzen du Hirigintza Plan berria, zonaldean inbertsioak egiteko aukera ezabatzen duelako.

Alegazioak aurkezteko epea amaituta, Udalaren txanda da. Gobernuak maiatzera arte du epea erantzuteko. Azkunak maiatzaren bukaeran onartu nahi du, behin betikoz, Hirigintza Plana.