Bihar, Antzerkiaren Mundu Eguna

prestaldizkaria 2012ko mar. 26a, 10:44

Bihar, hilak 27, eguerdiko 12:00etan hasiko da Antzerkiaren Mundu Eguneko ekitaldia Santiago Plazan. Bertatik, Hortzmuga Teatroa konpainiak gidatutako bi triziklo erraldoik, adierazpena duen eskuizkribua eramango dute Bidebarrieta kaletik Arriaga antzokiaren aurreko plazara.

Bertan Helena Golab dantzaria izango dute zain, egun horretarako beren beregi prestatutako koreografia interpretatuz. Ondoren, eskuizkribua Buruz Beherako Maider Yabar zirkuko artistari emango zaio, eta, antzokiko balkoitik, trapezio batetik zintzilik, Antzerkiaren Mundu Egunaren adierazpena irakurriko du. Ekitaldi honetan ARTEKALEK (Euskadiko Kaleko Arteetako Profesionalen Topalekua) ere hartu du parte.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta sektoreko agente garrantzitsuenek, Antzerkiaren Mundu Eguna ospatzeko antolatu dituzten jarduerak lan jardunaldi batekin osatuko dira. Martxoaren 28an, Burtsako Udaltegian, goizeko 10:00etatik aurrera, Arte Eszenikoetako zenbait artistak hartuko dute parte, estrategia komunei buruz berba egiteko. Hizlariak Natxo Montero (ADDE), Elias Otaola (ATAE), Rosa Abal (ESKENA), Ivan Alonso (banatzailea) eta Miriam Martin antzezlea izango dira, eta moderatzailea Pako Revueltas izango da. Jardunaldirako sarrera librea izango da, aretoak dituen leku guztiak bete arte.

Asteazken horretan bertan, arratsaldeko 19:30etan, Mama Crea konpainia bilbotarrak “¿Se puede?” lana antzeztuko du Errekaldeko udaltegian. Sarrera librea izango da, aretoak dituen leku guztiak bete arte.

Bat-batekotasun norgehiagoka

Beste alde batetik, Pabellón 6 aretoak, Bat-batekotasun norgehiagoka handia jasoko du larunbatean, martxoaren 31n, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Antzezleen arteko topaketa izango da, eta antzezteko era berria izateaz gain, jaia izango da, batez ere. Kirol norgehiagoka batekin antzekotasunak izango ditu, bat-batean asmatzen, inprobisatzera jolasten, duten bi artista talde daudelako, eta ikus-entzuleek, euren iritziz ondoen egin duen taldearen aldeko botoa emango dute.

Oso proposamen dibertigarria izango da ikus-entzulearentzat, izan ere antzezleak ezusteari aurre egiten ikusteko aukera izango baitu, DJ Mimolokok alaituko duen ekitaldi errepikaezinean. Norgehiagokan parte hartuko duten 16 euskal antzezleen artean Gabriel Ocina, Jon Urraza edo Maribel Salas azpimarratu behar dira. Sarrerek 10 euro balioko dute, eta ikuskizunaren egun berean erosi ahal izango dira Pabellón 6 aretoan.

Antzerkiaren Mundu Eguna 1961ean sortu zuen Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak (ANI-IIT). Martxoaren 27an egiten da urtero, eta eguna ospatzeko, arte eszenikoekin erlazionatutako hainbat ekitaldi antolatzen dira. Elementu garrantzitsuenetakoa mezu ofizialaren irakurketa izaten da. Gehienetan, mezu hori, ANI-IIT-k gonbidatutako pertsona garrantzitsuren batek idatzitakoa izan ohi da.