FANT 18 jaialdiak berrikuntzak dakartza

prestaldizkaria 2012ko api. 3a, 13:07

Jaialdira 432 film aurkeztu dira. Film horiek 5.000 euro sarietan jaso ahal izango dute. Bartzelonan eta Madrilen lortutako arrakastaren ondoren, Nacho Cerdá zuzendariaren ekimena den Phenomena Experience, maiatzaren 10ean helduko da Bilbora.“FANT Erreskatean” zikloak, aldiz, Javier Setóren “La Llamada” eta Eloy de la Iglesiaren “La semana del asesino” eskainiko ditu, Espainiako genero fantastikoan oso gutxi ezagutzen diren bi laburmetraia.

Bartzelonan eta Madrilen lortutako arrakastaren ondoren, Bilboko hiriak Phenomena Experience, saio bat jasoko du lehen aldiz datorren maiatzaren 10ean, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu duen eta maiatzaren 4tik 11ra ospatuko den Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren –FANT 18ren barruan. Nacho Cerdá zuzendariak bultzatutako ekimen hori, 70eko, 80ko eta 90eko film entretenigarriz osatutako zine saio bikoitza da, garai hartako trailerrekin eta iragarkiekin hornitua, guztia ere zineko kopian eta jai giroan, zeluloide zaleei zuzenduta, batez ere.

Bilboko lehenengo Phenomena Experience saioa, FANTeko aurtengo edizioaren programazioaren barruan sartzen da, eta, jakina, beldurrezko zinearen bi lan garrantzitsu eskainiko ditu: Stanley Kubricken “El Resplandor“ eta Sam Raimiren “Posesión infernal II”. Saio bikoitza arratsaldeko 19:45etan hasiko da, Alondegiko Golem Zine aretoetan. Sarrerak asteazken honetan, apirilaren 4an, egongo dira salgai, internet bitartez (www.generaltickets.com/bbk), 8 euroren truke, eta jaialdirako salduko diren abonuetatik aparte salduko dira (leku kopurua mugatua egongo da).

Phenomena Experience Bartzelonan sortu zen, hainbat belaunaldiren artean barrea, negarra eta ametsak sortu dituzten 70eko, 80ko eta 90eko film klasiko komertzialak berreskuratzeko asmoz. Ondorioz, zinea, “ikuskizun handi” haren inguruko talde konplizitatea sortzeko tresna bilakatuko da berriro ere, haurtzaroko saio bikoitz haiek berreskuratuz. Pantaila handian eskainiko den zinearekin batera musika eta beste osagai batzuk egongo dira, jai handi bilakatzeko. Saioaren aurkezlea, egitasmoaren bultzatzailea den Nacho Cerdá zuzendaria izango da. Nacho Cerdák “La trilogía de la muerte” seriea edo “Los abandonados” luzemetraia zuzendu ditu, besteak beste.

FANT erreskatean

Beste alde batetik, “FANT Erreskatean” izeneko zikloaren barruan, maiatzaren 8an eta 9an, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, “La Llamada” (1965) eta “La semana del asesino” (1972) luzemetraiak eskainiko dira, kalitate handiko film espainiarrak, euren generoan klasiko direnak, baina ez oso ezagunak ikus-entzule gehienentzat, eta aurkitzeko oso zailak.

“La Llamada”, zuri beltzean egindako film dotorea, Javier Setók zuzendua eta Emilio Gutiérrez Caba protagonista duena –horrez gain, ekoizlea ere bada–, kultuzkotzat hartzen den film horietako bat da, Espainiako fantasia-beldur generoko hoberenetakoa. Emilio Gutiérrez Caba bera izango da luzemetraia hori Bilboko ikus-entzuleei aurkeztuko diena, maiatzaren 8an, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, Alondegiko Golem zine aretoetan

Eloy de la Iglesia zuzendari euskaldunaren “La semana del asesino” filmari dagokionez, protagonista Vicente Parra dela esan behar da. 70eko hamarkadan egiten zen generoko zineari begirada ematea proposatzen du, drama existentzial beltz eta tristea, Espainiako gizartearen erretratu garratza ematen diguna. Luzemetraia hori maiatzaren 9an eskainiko da, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, Golem zine aretoetan, baita ere.

Partaidetzari buruzko datuak

Joan den larunbatean, martxoaren 31n, 2012ko edizio honetan lehiaketan parte hartzeko filmak aurkezteko epea amaitu zen. FANTeko edizio honek, mundu osotik –Kanada, Alemania, Ingalaterra, Holanda, Frantzia, EE.BB., Belgika, Suedia, Danimarka, Finlandia, Portugal, Italia, Suitza, Turkia,  Australia, Emirerri Arabiarrak, Taiwan, Polonia edo Hego Korea– bidalitako 432 film jaso ditu –2011n baino ehun gehiago. Zinemaldiaren antolatzaileek Sekzio Ofizialeko laburmetrai gisa programa daitezkeenak eta FANT laburrean sekzioan lehiatuko diren laburmetraiak aukeratuko dituzte. FANT laburreko laburmetraiek, ikus-entzuleen eta epaimahaiaren iritziz Laburmetraiarik Hoberenari emango zaizkien 3.000 euroko bi sari eta Euskal Laburmetraiarik Hoberenari emango zaion 2.000 euroko saria eskuratu ahal izango dituzte. Aurten, Euskal Laburmetraiek euren saio propioa izango dute.

Nontzefilmak

Aurreko edizioetan bezala, Zinemaldi Fantastikoaren barruan, nontzeberri.com kultur atariak antolatuta, on-line burutzen den zine eta animazio laburmetraien Nontzefilmak lehiaketara aurkeztutako zenbait lan erakutsiko dira. Aurten, mota guztietako teknikak erabiliz egindako 90 animazio eta fikzio lan aurkeztu dira. Lan horien artean, zenbait euskal artistek aurkeztu dituzten proposamenen kalitatea azpimarratu behar da.

INFO + www.fantbilbao.net