Jon Gerediaga: "Poemak hankak lurrean ditudala idatzi ditut eta esan ezin daitezkeen gauza horietaz"

prestaldizkaria 2012ko api. 27a, 11:46

Jon Gerediaga idazlea Blas de Otero kalean sortu zen, poetaren izena duen kalean, eta poesia idazten sentitzen da erosoen. Hirugarren poema liburua du ‘Zentauro-hankak’ (Pamiela, 2012).

Hirugarren poema liburua kaleratu duzu, zelan sentitzen zara?

Apur bat arraro, liburu bat ateratzen duzun bakoitzen hustuta geratzen zara, horrenbeste denbora poemak idazten eta bat-batean argitaratzen da eta eskuetatik alde egiten du. Irakurlearekin ez duzu kontaktu zuzenik. Hutsune hori betetzeko gauza berriekin hasi naiz.

Idazterako orduan noiz hartzen dute poemek liburu forma?

Azkenengo bi liburuetan, hasieratik  bilduma bat egiteko asmoa neukan. Hasieratik jarri nuen izenburua eta antzeko tankera zuten poemak bildu nituen titulu horren azpian.

Zentauro-hankak lehenengo titulua zen?

Lehenengo poemak Idoiari zentauro batek izenburua zeukan eta horren haritik hasi nintzen idazten.

Beti egiten duzu lan horrela?

Beno beti... hiru liburu plazaratu ditut. Lehenengoan ez, poemak idazten ibili ostean bildu nituen eta Fitola balba, karpuki tui (Pamiela, 2000) osotu nuen. Gero beste bi liburuetan, bai, lehenengo poema abiapuntua izan da, hortik bidea ikusi eta izenburua jarrita hari horretatik lanean ibili naiz.

Maitasuna, amodioa da Zentauro-hankak liburuaren ardatza, motorea?

Liburuaren motorra maitasuna da, nahiz eta ez den gai bakarra. Baten batek galdetu dit; maitasun liburu bat da zurea? Maitasuna gai bat da. Poema liburu guztietan bi gai nagusi agertzen dira, maitasuna eta heriotza eta bien arteko lehia, Eros eta Tanatosen artean. Kasu honetan garai onean harrapatu nauenez maitasuna gailentzen da, baina heriotza ere agertzen da ideia bezala.

Bizitzaren gaia ere bai?

Bizitza, heriotza eta maitasuna beste gairik ez dago, agian, jainkoa.

Errepikatzen diren gaiak dira zure poemetan?

Bai, nire poemetan eta poesia guztietan, bizitza, heriotza eta maitasuna hortik kanpo ez dut uste ezer ere dagoenik.

Beldurrak ere hor daude?

Beldurrak eta ametsak agertzen dira nire bizitzan oso presente daudelako. Maitasunari buruz hitz egiten hasten naizenean beldur eta amets horiek ere agertzen dira. Ezin dut larrosa koloreko gauza bat marraztu.

Horrelako poema bilduma plazaratu ostean biluztu egin zara?

Bai, gainera liburu honekin aurrekoekin baino gehigo, Jaingoikoa harrapatzeko tranpa (Pamiela, 2007) liburuan, esaterako, beste modu batean hitz egiten nuen, nitasuna ezkutuago zegoen beti jainkoa zen gaia eta bertikalidadea zeukan liburuak. Oraingo honetan nia oso agerikoa  da, nahiko biluztu naiz, agian, gehiegi.

Horrek zure idazkera aldatuko du?

Oharkabean bada ere, idazten ari naizen poema berrietan gehigo ezkutatzen ari naiz. Agertzen naiz baina zeharka. Erreakzio bat izan daiteke.

Irakurlearekin ez duzu harremanik izan, gero eta ohikoagoak bihurtu dira irakurle tarteak, txokoak...

Ez dut inoiz horrelakoetan parte hartu, beraz ez dakit nolakoak diren, ez dakit gustukoa izango ditudan. Egunen batean egingo dut. Printzipioz beldurra dut, jende aurrean hitz egiten ez naizelako trebea, nahiko lotsatia naiz. Egunen batean ausartuko naiz.

Zentauro-hankak liburuko poemek badute aurreko libruekin loturarik?

Nire bizitzak jarraitu duen bilakaera jarraitzen dute liburuek. Aurreko liburuetan bi edo hiru poema luzeagoak agertzen ziren hitz jarioari askatasuna ematen ziotenak. Liburu honetan horiek dira protagonismoa hartu dutenak. Aurreko liburuetan agertzen ziren gai batzuk liburu honetan protagonismo gehiago dute. Ez daude guztiz deskonektatuak, azken finean autorea berdina da.

Poema luzeak, batzuk bakarrizketak izan daitezke?

Horrela atera ziren, lehenengo poema idatzi nuen arrapaladan, gero borobildu nuen. Poema gehienak libretan arrapaladan atera dira, hitz jarioari askatasuna ematen eta aurreko liburuetan kontentzio ariketa bat egin nuen, hitzak gehiago neurtu, gehigo kalkulatu esan nahi nuena. Artisautza lan gehigo honetan dago, barruan nituen ur laster horiek atera behar nituela pentsatu nuen, arduragabeago izango naiz. Hitz jarioari askatasuna eman diot.

Bi ataletan banatu duzu liburua?

Lehenengo zatiko poemak hankak lurrean ditudala idatzi ditut, maitasun lurtar batean oinarrituta daude eta bigarrenean Oteizak esaten zuen bezala “lehio bat irekita utzi dut magiarentzat”. Esan ezin daitezkeen gauza horietara hurbiltzeko leiho bat irekita utzi dut.

Oteiza aipatu duzu, bere obrak eragina izan du zure sormenean?

Bai, asko gustatzen zait. Niretzako Oteizaren poesia oso zuzena da, oso indartsua da, gustura irakurtzen dut. Esaterako, Elegía a Itziar irakurketak badu zerikusia liburu honen sorreran. Emaztea hil ostean idatzi zuen elegia, oso hunkigarria da. Oteizak hitz egiten duen moduan idazten du, oso erakargarria egiten da hori. Nik garaiz idatzi nahi nuen elegia bat Itziar hori hil aurretik, maitasuna ospatu nahi nuen.

Zein hitz ez duzu erabiltzen zuere lanetan?

Liburu hau ez da liburu hiritarra. Hiriko gauzak, aktualitateko hitzak edo mundu teknologiko hitzik ez da agertzen. Natura aldiz oso presente dago. Niretzako gauzarik handiena da.

Zergatik zentauroa?

Zentauroa izaki mitologiko bat da, erdibitua dago. Parte bat gizakia eta bestea animalia da. Gizakiaren ezaugarriak ondo adierazten ditu, alde batetik animalia bat da, tximinoa bezala eta bestetik badu kontzientzia bat gai dena jainkoaren ideia adierazteko. Jainkoaren bila dabilen erdi jainkoa da. Gizaki erdibitu bezala ikusi nuen nire burua eta zentauro irudia erabili nuen eta, zentauroaren hankak, alde lurtarra aldarrikatu nahi nuelako.

Irudi batzuk errepikatzen dira, esaterako, patata eta sagarra. Zergatik?

Patata ez da edonolako barazkia. Lur sagarra ere bada. Patata... kar, kar. Lur barruan ernaltzen da, historikoki herria asko zalbatu dira patatari esker, badu zerbait metafisikoa. Bihotza izan daiteke, maitasuna oso modu kolokialean eta aldi berean oso indartsua. Oso antzekoak dira, patata lur sagarra da eta sagarrak loreak. Airean dauden patatak dira sagarrak zeruari begira daudenak.

Bakardadean idatziak dira poemak, baina idatzi izan dituzu antzezlanak Antzerkiola Imaginariorako, zein ezberdintasun dago?

Antzerki lanak nire kasuan taldelana izan dira, entseguetan parte hartuz. Poesia bakardadean egiten den lana da edo beste baten konpainian baina bestearekin hitz egin gabe. Aldarte ezberdinak ateratzen dira. Antzerkian elkarrizketa baten ondorioak dira eta poesian bakarrizketa baten ondorioa.

Idatzi duzun azken antzezlana Babiloniako loreak izan zen, zelan sentitzen zara oholtzan idatzitakoa ikusterakoan?

Urduri eta inoiz ez plazerrarekin. Nik ondo pasatu izan dut antzerkia idazten, entseguetan, prozesuan. Baina estreinatzen den egunean obratik aldentzen naiz, sekula ez dut gozatu antzezlana ikusten, oso urduri jartzen naiz. Ez naiz ikusle neutroa izaten.

Idazle askok poesia oholtzara eramaten dute, asmorik baduzu?

Lehenengo liburuarekin Fitola balaba, karpuki tui Antzerkiola Imaginarioko lagunek errezitaldi txikia prestatu zuten. Baina liburu honekin, nire esku badago, ez dut egingo plazan agerpenik; ez naiz poemak irakurtzen trebea.

Antzerkia, poesia... zertan zabiltza orain, beste generoren baten?

Duela gutxi doktore tesia aurkeztu dut eta hortik abiatuta saiakera idatzi dut maputxeen espiritualtasunaren ingurukoa, ‘Azul Azul’ deiturikoa. Erderaz idatzi dut eurak irakurtzeko egin dudalako. Baina ez dakit inoiz argitaratuko den.

Gehiagorik kontatu nahi diguzu?

Agian, patataren inguruan gehigo sakondu ahal dugu.. kar, kar, kar!