Udalak Don Bosco izena ipini dio Salestarren ikastetxe ondoko biribilguneari

prestaldizkaria 2013ko urt. 30a, 15:56

Giovanni Bosco –Don Bosco-, Salestarren eskolen eratzaile eta bultzatzailearen omenezko biribilgunea dauka Bilbok. Salestarren Eskolak 75 urte eman ditu gure artean. 

Don Boscoren biribilgunea Deustuko Salestarren Ikastetxearen ondoan dago, Agirre Lehendakaria etorbidea eta Ugarteko plazaren bilgunean, Carmelo Bernaola kaleko tunelen gainean. Biribilgune hori duela hamar urte baino gehiago eraiki zen eta Deustuko Beheko Saihesbidea delakoaren zati bat osatzen du. Horren geroztik, ez du izenik eduki.

Hala ere, lehengo azaroan, Deustuko Salestarren Ikastetxeko Guraso Elkarteak espazio horri Don Boscoren izena ematea proposatu zuen, izan ere, urtarrilean ospatuko da izen handiko Bilboko ikastetxe hau ireki zeneko 75. Urtemuga. Bertan, ibilbide luzea jorratu dute Lanbide Heziketaren alorrean.

Bestetik, bihar, urtarrilaren 31n, Salestarren Eskolen eratzailea izandako Don Boscoren heriotza gertatu zeneko 125. urtemuga gogoan izango dute.

Giovanni Melchiorre Bosco Piamonteko Castelnuovo d’Asti udalerrian jaio zen, jatorri oso apaleko familia batean. Aita hil zitzaionetik lanean hasi behar izan zen familiari ogibidea emateko. Baina, bien bitartean, ez zion uko egin ikasketak jarraitzeari, eskolak hartzera joateko egunero hamar kilometroko ibilbidea egin behar izan arren.

1842an, apaiztu ondorengo urtean, Don Boscok Saleseko San Frantziskoren Otoiztegia eratu zuen, ume pobreen heziketa bermatzeko asmoz. Hasierako otoiztegi hori Saleseko San Frantziskoren Apaiz Lagundiaren eta Maria Laguntzailearen Alaben Erakundearen sorburua izan zen. Gaur egun, erakunde biek 30.000 ikastetxe baino gehiago dute mundu osoan.

Don Bosco, Lanbide Heziketaren zaindaritzat dute, 1888an, Torinon hil zen. 1934an kanonizatu zuten. Bere omenezko jaia heriotza gertatu zen egun berean ospatzen da, hain zuzen, urtarrilaren 31n.