Zirkua heldu da Erriberara

prestaldizkaria 2013ko urt. 31a, 09:35

Zirkoa herri batera heltzen denean gertakari garrantzitsua izan ohi  da. Gurera, Erriberara, bi heldu dira dagoeneko, Zirkozaurre eta Karola Zirko Espazioa. Eta bertan geratzeko asmoa dute. Ez dute karparik, ezta elefanterik. Akrobatak, malabaristak, pailazoak, trapezistak ...dira. Kalean ikus ditzakegu batzuetan, eskenatoki baten gainean besteetan, eta zirko eskolak ematen sarritan.

Bi zirko dago Erriberan. Bilbon dauden bakarrak dira eta ez da kasualitatea. Auzo gutxitan topa daitezke gaur egun hutsik dauden pabilioi industrialak. Errekaldetik datoz biak, Kukutzatik. Udalak gaztetxea bota zuenean toki bila hasi ziren eta zirkorako lekua gurean topatu dute. Zirkozaurrekoak izan ziren lehenak iristen, 2011ko urrian, baina urtarrila arte   ezin izan zuten jarduerarik egin lokala horretarako prest ez baitzegoen. Vicinay enpresaren ondoan alokatu zuten pabilioian hainbat lagunek egindako lanari esker, gaur egun, entsegu eta entrenamendu guneak, eskenatokia, komunak, dutxa, aldagela, biltegia eta sukaldea dute.

Gainera, ikuskizunetarako argi ekipoa erosi berri dute eta laster, dantza egiteko gunea prest egongo da. Egitasmoa hiru pertsonen artean kudeatzen dute eta 400 bazkidetik gora dituzte. Bazkide mota asko dago, galetara joaten direnak, ikastaro bat egiten ari direnak edo espazioa entrenatzeko erabiltzen dituztenak. Horretarako hilero, 30 euroko kuota ordaindu behar da eta helburua, diru iturri horrekin alokairua ordaintzeko beste ateratzea da, egitasmoak ez baitu bestelako diru laguntzarik jasotzen.

 Zirkoa beraien bizimodua izateaz gain, gorputza eta burua era sortzaile batean lantzeko aukera ematen die. Ikastaro ugari eta hainbat zirko gala antolatu dituzte. Pozik daude orain arte egindakoarekin eta inguru horretan Udalak duen egitasmoa dela eta, etorkizunean gerta daitekeenarekin kezkatuta dauden arren, Bilbo zirko munduan erreferentzia izatearekin amets egiten dute. Eta berogailu on batekin.

Karola Zirko Espazioa

Zorrotzaurren dago Karola Zirko Espazioa, Relax fabrikatik gertu. Martxoan alokatu zuten egur lantegia izan zena eta lanari ekin zioten. Oraindik bukatu gabe dagoen arren –700 m2 inguru ditu lokalak- egitasmoa osatzen duten zirko eta arte eszenikoen sei konpainia profesionalen eta bazkideen beharrak asetzen ditu dagoeneko. Bulegoak Internet zerbitzuarekin, entrenatu eta entseguetarako guneak eta biltegia. Eusko Jaurlaritzak zenbait konponketetan lagundu badie ere, gehiena beraiek egiten ari dira.

Zorrotzaurre art work in progress (ZAWP) egitasmoaren partaide dira, eta funtzionamendu propioa dute. Bazkide guztiak juntako partaide dira, ahots eta boto eskubidearekin eta orain arteko erabakiak kontsentsuz hartu dituzte. Urtero ardurak aldatzea adostu, inor ezinbestekoa izan ez dadin.

Konpainia profesionalei beraien jarduera aurrera eramateko eta biltzeko leku egokia eskaintzeaz gain, ikastaroak eta espazio irekia erabiltzeko aukera ematen dute. Ikuskizunak kanpoan egiten dituzte. Gabonetan adibidez, Bilborocken izan ziren. Era berean, umeentzako 6-12 bitarteko haurrentzat eta 13 urtetik gorako gazteentzat zirko eskola bat sortu dute eta jende faltagatik Areatza herrira eraman behar izan badute ere, beste saiakera bat egingo dute laster. Ez da hurrengo hilabeteetarako duten erronka bakarra. Auzoan murgiltzeari garrantzi handia ematen diote eta bertako elkarteekin elkarlanean aritzeko bitartekoak jartzen hasi dira dagoeneko.

Heldu dira, Zirkozaurre eta Karola Zirko Espaziokoek maletak zabaldu dituzte... funtzioa hasi da!

Zirkua denon eskura

Ikastaro aukera zabala eskaintzen dute Karola Zirko Espazioa eta Zirkozaurrekoek gogoa duen edonorentzako. Eskolak jasotzera joaten direnengatik galdetu diegu biei eta gauza bera erantzun digute biek: “Gehienak gazteak dira, baina maila aldetik denetarik dago. Batzuk ez dute bizitza osoan holakorik egin eta badira sakontze ikastaroak bilatzen dituztenak ere”. Denentzako lekua dago. Karola Zirkokoek asteazkenetan ateak irekita dituzte nahi duenak bertan zer egiten den ikusi eta frogatzeko. Monozikloan ibili, akrobaziaren bat egin edo malabareak ikasi. Ostegunero, 18:00etatik aurrera, bikote akrobazia ikastaroa dago,  20 euro hilabetean bakarrik doanarentzat eta bikotearekin etorriz gero 30 biak.

Zirkozaurrekoek eskaintza handiagoa dute: Clown astelehenetan, Bertikalak (astearte eta ostiraletan), Airezkoak trapezio, uztaiak eta ohialak erabiliz (ostegunetan), Akrobaziak astearte eta asteazkenetan, Pilastes asteazkenetan, Flexibilidadea astelehenetan eta 12-17 urte bitarteko gazteentzat zirkoa ostegunetan eta 5 urtetik gorako haurrentzat larunbata goizetan.

Zer topatuko duten ez dakitenentzat klase solteak hartzeko aukera dago 10 euroren truke eta ikastaroren batean izena eman baino lehen lehenengo klasea dohainik hartzeko aukera dago.

Informazio gehiago:

www.zirkozaurre.com

www.karolazirko.net