San Inazion gertutako eraso sexista salatzeko elkarretaratzea gaur arratsaldean

prestaldizkaria 2013ko ira. 17a, 08:51

Adin txikiko neska bati sexu ukituak egin zizkion gizonezko batek San Inazio auzoan irailaren 12an arratsaldeko 17:00ak aldera. Neskatoak salaketa jartzean jakin dugu ikastetxetik bere etxera jarraitu ziola erasotzaileak eta igogailuan gona altxatu eta igurtziak egin zizkiola. 

14 urteko neskak aurre egin zion 30-40 urte bitarteko gizonari eta ihes egitea lortu zuen. Erasotzailearen bila ari da Ertzaintza.

Deustuko PARE talde feministak erasoa salatu du eta gaur 19:30ean elkarretaratzea deitu du Sarrikoko metro geltoki aurrean.

PARE taldearen komunikatua:

NAZKATUTA GAUDE!!!

Berriro ere emakumeen kontrako eraso bat egon da, San Inazion izan da oraingoan. Pasaden ostegunean, gizon batek adin txikiko emakume bat erasotu zuen, gaztea etxera sartzen zegoen bitartean.

Eraso hau ez da kasu isolatua. Arazo estruktural bat den heinean, emakume guztiok emakume izateagatik eta gizarte patriarkal honetan bizitzeagatik pairatzen dugun arazoa da.

Parek, Deustuko Gazte Talde Feministak eta San Inazioko auzokideak emakumeon kontrako eraso berri hau salatu nahi du. Azken aldian Euskal Herrian eta Bilbo inguruan eraso sexistak areagotzen ari dira. Horietako asko egun argitan gertatzen ari dira erasotzaileen inpunitatea zabalduz doalarik.

Honen aurrean ez gara isilduko. Horretarako, gaur irailak 17, arratsaldeko 19:30ean Sarrikoko metro geltokiaren aurrean elkarteratzea deituko dugu eraso hau salatzeko.

Kaleak, gauak eta egunak gureak direlako, ez gaituzte kikilduko.

Erasotzaileei aurre egingo diegu! ERASOTZAILEAK SUTARA!

ERASORIK EZ, ERANTZUN GABE!

Testua: PARE