Deustuko Arraun Taldea: Sentsazio oneko denboraldia

prestaldizkaria 2013ko ira. 26a, 13:38

Irailaren 1ean, 2012-2013ko arraun txapelketaren azken estropada izan zen. Aurreko urteetan bezala Deustuko Arraun Taldeak maila desberdinetan parte hartu du: haur, kadete, gazte eta senior kategorietan.

Aitor Mojas presidentearen esanetan, aurten partaide guztiak oso pozik daude lortutako emaitzekin eta ez da harritzekoa, oso denboraldi ona izan baita. Hasteko, bi bandera irabazi dituzte, Castroko Bandera eta ondoren Bilbo Hirikoa. Horrez gain, ARC-2an hirugarren tokian geratu dira San Pedro eta Hondarribiaren atzetik.

Denboraldi oso ona izanda ere azkenean ez dute lortu, segundu gutxi batzuengatik, liga ARC-1ra igotzea. Play off-ean Hondarribia eta Zarautzen kontra lehiatu eta hirugarren tokian geratu ziren, Hondarribiak maila igoera lortuz. Baina Deustukoek ondo hartu dute eta ez dira gogogabetu.

Lortutakoarekin alai daude eta gainera haientzat denboraldi on bat egiteak ez du esan nahi garaipenak lortzea bakarrik, baizik eta kide gehiago eskuratzea. Aurten, adibidez, haur eta kadeteetan kopuru handia izan dute. Euskadin, Hondarribiarekin batera gazte gehien duen taldea izan dira. Beraz, ikuspuntu guztietatik begiratuta, pozik egotekoa da.

Deustuko Arraun Taldea ez dago mutilez osatuta bakarrik, neska gutxi batzuk ere badaude eta horregatik gazte senior eta haur kadeteko batelak atera dituzte. Kopuru txikia denez, kategoriak batzen dituzte. Denboraldi honetan, Bizkaiko Selekzioan hiru neska izan dituzte baina horietatik bi Kaikun geratu dira. Normala denez, horrekin ez daude oso pozik.

Oraindik hilabete batzuk geratzen diren arren hurrengo denboraldia hasteko Deustuarrak hurrengoan pentsatzen hasita daude. Ez da aldaketa askorik egongo, baina zenbait berrikuntza egongo dira. Talde nagusiari dagokionez, ez dira baja askorik egongo eta alta batzuk edukiko dituzte, beste taldeetatik etorritako pertsonak edota berriz ere arraun egitera animatutakoak.

Eta berrikuntzarik aipagarriena kirol koordinatzailea izango da. Josu Ortuellak beteko du paper hori eta kategoria guztien antolaketaz arduratuko da.

Ez dira egun asko igaro amaitu zutenetik, baina hasi dira hurrengo denboraldia planifikatzen, posible bada aurtengo emaitzak hobetzeko.

Testua: Itziar Fernandez

Argazkia: Deustuko Arraun Taldea