Pumara: “Edozein girotan naturaltasunez nabil”

bertonaldizkaria 2012ko ots. 9a, 18:36

Artista, transformista, kantaria... da Pumara. Makillajerik eta takoirik gabe, Zurbaranbarriko Jorge. Bere disko berriaz, kontzertu biraz eta auzoko jaietan ikuskizuna eskaintzeko duen gogoaz hitz egin digu.

Aupa, Jorge ala Pumara?

Jorge naiz, Zurbaranbarriko mutila, bere lagunekin, ingurukoekin, bere familiarekin egoten dena. Eta gero, pertsonaia hau dago, nire alter egoa, artista dena eta arte munduan sosak irabazteko bidea ematen didana.

Zelan jaio zen Pumara?

Duela 12 urte gertatu zen igande gauez, txiripaz, Las Fellini lagunen ikuskizunera gonbidatua izan nintzenean. Transformismoaren munduan lan egiteko aukera sortu zitzaidan, Girl Power izeneko talde barruan. Ordutik bizi du nire pertsonaiak heltze eta aldaketa prozesua.

Defini ezazu Pumara.

Artista bat da ezeren aurretik, eta gero, transformista. Janzkera eta itxura eskaintzen dudan lanaren atzetik daude. Perfekzionista naiz, detaileen zalea eta oso kritikoa. Nire leloa da: “Ikusleei ematen diezuna kalitatezkoa ez bada, hobe etxean geratu”. Pumarak bere itxura aldatzen du ikusten duenaren arabera. Aldakorra izan behar da eta ikusleari une horretan itxaroten duena edota behar duena eman behar diozu.

Zaila da ikuskizunetatik bizitzea?

Ni horretatik bizi naiz. Krisia denean nabari da, baina ez daukat kexurik, gustuko dudan horretan lan egiten dut. Hori bai, bizi ahal izateko inbertsioa egin beharra dago. Jendeak kalitatea eskatzen du, eta jantzietan eta eskaintzen den produktuan ageri behar da. Eta momentuz, zutik nabil!

Zenbat pertsonak ezagutzen du zure lana? TBan, irratian agertu zara.

Auzoko jende gutxik ez du Pumara ezagutzen. Askok telebistan, Aste Nagusiko eszenatokietan, jatetxeetan edota diskotekaren batean entzun naute abesten. Era askotako pertsonak konkistatu ditut: gotikoak, heaviak, amatxuak… zoragarria da, denak ikuskizun berean biltzea. Apurka, musika independentearen munduan gorantza noa, eta zori handikoa naiz: Alaska eta senarrarekin, Soraya eta Sofia Cristoren ondoan izan naiz.

Noiz ikusiko zaitugu auzoan?

Zurbaranbarrin jaio eta bertan hilko naiz. Denok elkar ezagutzen dugu eta familiartean bezala sentitzen zara. Auzoko jaietan parte hartzeari dagokionez, ez dut uste ikuslego hoberik egongo denik.

Emanaldirik ematen duzu Bilbon?

Erraza da ni Bilboko gauean aurkitzea. La Tramoya izeneko jatetxe batean lan egiten dut, abesten. Auzoko ezkongabeen agur askotan izan naiz. Gau bilbotarreko lokal gehienetan ni aurkitzea erraza da.

Bi disko atera dituzu. Letrak zuk idatzitakoak dira?

Bai, bi, eta hirugarren diskoa amaituta dut, urte amaieran argia ikusiko du. Letra ia-ia guztiak idatzi ditut, nahiz batzuetan Cristina nire arrebaren eta auzoko Marie Laureren laguntza izan dudan. Abesti bakoitzak istorio bana kontatzen du, batzuk bizipenak dira eta beste batzuk asmakizun hutsak. Ingelesez abestearena Londonen bizi izan nituen sei urteei eginiko omenaldi txikitxoa da, zor nion… Nire lurrarekin ere zorretan nago eta laster euskaraz single bat aterako dut. Agian, 2012ko Aste Nagusirako.

Zelakoa izan da Pumararen garapena hasi zenetik?

Aldaketa fisiko nabarmena izan dut, eta artista bezala, heldutasun handira iritsi naiz. Mundu honetan esaten den bezala “he cogido tablas”, eta orain, edozein girotan naturaltasunez nabil, oraindik ikasteko asko daukadan arren. Ikuskizun bakoitza ikasgai berri bat da.

Zein motako musika egiten duzu?

Zaila da erantzutea ez baita Pumara bera jatetxe batean, kontzertu batean edo diskoteka batean ikusten duzuna. Elektropop munduan hasi nintzen, orain dance-ra jo dut, dantzagarriagoa eta nazioartekoagoa da.

Nondik dator Pumara izena?

Thundercats marrazki bizidunetako pertsonaia da. Izena erabaki behar nuenean bururatu zitzaidan.

Etorkizunari begira, zer daukazu esku artean?

Laster Mexikora noa. Gogoz nago. Espainia osotik ibili naiz eta emaitza ona izan dut. Esaten dute norbere herrian inor ere ez dela profeta, baina oker diotela uste dut. Ni errespetatua eta maitatua sentitzen naiz hemen. Agenda estu daukat. Disko berria aurkeztuz Espainiatik berriro ibiliko naiz… lanbide honek eramango nauen lekura joango naiz.

Testua: Itxaso Perez