Bideokopla lehiaketa

bertonaldizkaria 2012ko ots. 14a, 13:04

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta AEKren Praktikatu egitasmoak Bideokopla Lehiaketa jarri dute martxan. Txapelketa honek helburu bikoitza du. Alde batetik, euskara ikasten edota praktikatzen dabiltzanak bertsolaritzaren mundura hurbiltzea eta, bestetik, bertsoek euskara praktikatzeko eskaintzen dituzten aukerak erakustea.

Ekimen honen sorrera 17. Korrikaren baitan antolatutako Euskalakari Koplari txapelketaren arrakastarekin lotzen da. Duela urtebeteko hura Bertsozale Elkartearen eta Korrikaren arteko lankidetzari esker burutu bazen, oraingo honetan Praktikatu AEK-k hartu dio lekukoa Korrikari. Gainera, antolatzaileek aurrera begirako elkarlana sustatzeko asmoa azaldu dute; ondorioz, ekimen hau abiapuntua besterik ez da izango.

 Lehiaketa, izenak berak dioen legez, bideo bat sortzean datza, koplak oinarri gisa hartuta. Bi lagunetik gorako taldeetan bildutako lehiakideek sei koplatik hamabira bitarteko sorta bat osatu beharko dute, eta bideo bat grabatu, gai hau ardatz: Euskaraz bizi nahi dut, dugu, duzu, zaitut... Kopla horien bidez, egileek “euskaraz bizitzeko nahia” adierazi beharko dute nahi duten eran. Doinua, libre.

 Lehiaketa helduen euskalduntzeko zein mintzapraktika egitasmoetako edozein erakundetan dabiltzan taldeei zuzentzen zaie, baina bertsolari baten laguntza eduki dezakete, hala eskatuz gero. Izan ere, AEKren eta Bertsozale Elkartearen arteko hitzarmenari esker, Euskal Herri osoko bertso-eskolak prest egongo dira euren laguntza behar duen edozein talderekin aritzeko.

 Bideoan grabatutako kopla sortak praktikatuaek@gmail.com helbidera igorri beharko dira martxoaren 25a baino lehen. Saria talde irabazlearentzako bertso-bazkari edo afari bat izango da, bi bertsolarirekin batera, taldeak eta antolakuntzak adostutako jatetxe batean. Epaimahaia Bertsozale Elkartea izango da, baina edonork edukiko du bere gustuko bideoa bozkatzeko aukera Praktikatu AEK facebookeko orrialdean.