Dantzak eta antzerkiak elkartutako mahatsorria eta galiziarra

bertonaldizkaria 2012ko mar. 9a, 14:06

'Usted está aquí' (Hemen zaude) obra estreinatu dute Nuria Sotelok eta Natxo Montero mahatsorriak. Antzerkia eta dantza taula gainean jarri dute Ana Vallesen zuzendaritzapean. Komunikazioa izan dute ardatz Galizian prestatu duten obra horretan. Galizian ez ezik, Bilboko La Fundicion antzokian ere harrera beroa izan zuen urtarrila bukaeran.

Nuria Sotelo eta Natxo Montero dantzariak. Galiziarra lehenbizikoa, santutxuarra bigarrena. Dantza eta antzerkiak batu ditu bi lagun hauek ‘Usted está aquí’ obran. Aspalditik zuten elkarrekin lan egiteko gogoa, Galiziako Koreografia Zentroan elkar ezagutu zutenetik, eta Galiziako gobernuak emandako diru-laguntzari esker aurrera eraman dute proiektu berria. Gainera, Ana Vallesen gidaritzapean lan egiteko gogotsu ziren biak, eta hari deitu zioten obra zuzendu zezan.

Lanaren abiapuntua informazioaren eta komunikazioaren artean dagoen ezberdintasuna da. Transmititzeko bi era horien artean dagoen berariazko jolasa eta ustekabeko harremana agerian geratzen da lan horretan. Dantza eta antzerkiak ere komunikatzeko moduak dira, zerbait komunean jartzen dute ingurukoekin, eta hartzailearen parte-hartzea bilatzen dute. Batzuetan zuzena, besteetan zeharkakoa. ‘Usted está aqui’ obrak lausotu egiten ditu dantza eta antzerkiaren arteko mugak, informazioaren eta komunikazioaren artekoak, eta baita egia eta gezurraren artekoak ere.

Monterok dio batik bat antzerki alorretik landu duela obra hau, dantza alorretik baino gehiago. Bera dantzaria da, baina formazio handia jaso du baita antzerkiaren munduan ere. Bi arte horien arteko harremana, gainera, oso estua dela uste du. “Gaur egun biak dira garrantzitsuak nire lanean, ez dakit ezberdintzen antzerkia eta dantza”. Lehenbiziko aldiz igo da taula gainera antzerkia egitera, eta pozik dago ikasitakoarekin, baita emaitzarekin ere.

Oraingoan interprete baizik ez da Montero. Ohiturik dago zuzendaritza lanak egitera interprete lanekin batera, baina azkeneko obrak arreta guztia interprete lanean jartzeko aukera eman dio. Horrek “zama bat” kendu dio gainetik, eta oso gustura ibili da besterentzako lanean. Batez ere inprobisazioa landu dute prestaketa aroan, Valles zuzendariari gustatzen zaion moduan, eta horrek bide eman die interprete izateaz gain sortzaile ere izateko. “Nik sortu ditut jorratzen ditudan sei pertsonaiak, baita haien testuak”, azaldu du Monterok. “Ni proiektu batean sartzean %100ean sartzen naiz, eta beti nabil nire materiala sortzen”.

Galizian sortutako lana da. Urrian hasi ziren prestaketa lanetan, eta Montero mahatsorria han egon da Sotelo eta Vallesekin batera. Galizian funtzionatzen zuen, baina umorezko lana izaki, hasieran beldur ziren Euskal Herrira ekartzean ez ote zuen harrera onik izango. Ezustean, hobeki joan da Deustuko La Fundicion antzokian Galizian baino. “Lan honek jendearen inplikazioa eskatzen du, eta Bilbon jendea oso ondo inplikatu da”, dio Monterok. Publikoa eszenatokitik metro batera egoteak eragina izango zuen horretan, noski, baina hori ez da aski lanak harrera ona izateko.

Abenduaren 14ean estreinatu zutenetik, sei aldiz eskaini dute lana, eta uztailetik aurrera gehiago egingo dituztela uste du Monterok. Lehenbiziko seihilekoan programazioa itxita izan ohi dute antzokiek, eta horregatik itxaron beharko da pixka bat. Dena den, obrak funtzionatzen duela sinetsita dago dantzari mahatsorria. “Lan honetatik pixka bat jatea espero dut, denbora asko eta lan handia sartu baitut honen inguruan”. Gainera, bere ustetan 15. emanalditik aurrera dago osaturik obra. “Hamabosgarrenetik aurrera hasten zara disfrutatzen”. Beraz, bidea badu egiteko.

 

Testua: Iker Tubia / Argazkiak: ‘Usted está aquí’