Igandean bukatuko da ‘Begoña, goitik beherako herria’ erakusketa

bertonaldizkaria 2012ko api. 17a, 14:13

Alde Zaharreko, Santutxuko eta Basarrateko metro geltokietan eta Begoñako udaltegian eskegita dauden Begoñako errepublika zaharreko argazkiak igande honetara arte (apirilak 22) ikusteko aukera dago. Beraz, ikusi ez dituzuenok aste honetan egin beharko duzue.

Etxeko argazkien balioa

“Denok ditugu argazki zaharrak etxean”, dio Hektor Ortega ‘Begoña, goitik beherako herria’ erakusketako komisarioetako batek. Familia, kalea, auzoa… erakusten duten dokumentu grafikoak dira. “Norberaren argazkiek bakarka ez dute balio handirik, baina asko elkartuta gure iragana osa daiteke”. Iragana islatzen duten argazkiak bildu eta behar den bezala kontserbatzeko ardura zabaldua da gure artean. Horregatik azpimarratzen du Hektorrek erakusketa baino lehen ondarea berreskuratzeko ahaleginean Mahatserrian askok eginiko lana. Esaterako, BERTON aldizkariak. “Begoñako errepublikako aldizkaria izanik zuloa bete du”. Erakusketa beste askoren ekarpenari esker burutu da: Luis Briñas eskola, Tiboli eskola, Otxarkoagako Familia Elkartea, Arabellakoa, Uribarrikoa… “Lan hori hor egon da aurretik eta eduki asko erraztu dizkigu”. Bilketa lan horretan, Esteban Cardosok eta Berrio-Otxoa ikastetxeek utziriko argazkiak eskuratu dituzte komisarioek, eta “sorpresa ugari” hartu dituzte. Sorpresetako bat 1896ko argazkia da. Etxebarriako langileak agertzen dira bertan eta Ortegak “oso ikusgarri” bezala deskribatzen du. Bigarren sorpresa Begoñako plaka agertzen den argazkia da. “Liburu batean aurkitu dugu eta oso adierazgarria da”.

Argazkien erakusketak argazki mugimendua eragin du Mahatserrian eta Bilboaldean. Hau da, “pertsona asko izan dira erakusketako argazkiak eskatu dizkigutenak eta gutxiago, baina izan dira, argazkiak eskaini dizkigutenak”. Horrelako erantzuna espero zuten bai komisarioek bai Bilbao Izaneko arduradunek. Hori dela eta erabaki du Bilboko Udalak 010 telefonoan eta Kultura Sailean (Aznar eraikinean) interesdunei argazkiak eskatzeko zein eskaintzeko informazioa ematea. “Gure historia oso gertutik bizi dugu, jendea oso entusiasta da eta etxeko materiala baloratzen hasi da”, dio Nagore Zuazo udal teknikariak harro.