ZABALIK-Meson Guretxe: “Gurean mota askotako jendea biltzen da”

bertonaldizkaria 2013ko mar. 13a, 10:38

1984an hartu zuten Danik eta Josebak Meson Guretxe tabernako gurpilaren agintea. “Ezustean” heldu ziren Santutxura, “lantoki bila” zebiltzala.

“Lokala hartzeko aukera eskaini ziguten eta horrela egin genuen”, gogoan du Josebak. Harrezkero daude bi uribarritar Santutxuko La Zonan tabernari lanetan. Orduan, baina, “La Zona, ez zen existitzen”. Sinistea zaila badirudi ere, Danik dioskunez, giroa “nahiko hotza” zen. Baina bizkor berotu zuten, beste “tabernari ilustre” batzuekin batera “ohiko txikiteoa gainditzeko bultzadatxua ematean”.

Bezeroak asko eta anitzak ditu Guretxek. Dani izen batzuk botatzera ausartu da: “Bere momentuan egundokoa izan zen Iluna Irratiko kideak, Familia Elkarteko lagunak, Gaztedikoak, Hockey taldekoak, Santutxu futbol taldekoak eta auzoko kultura, aisia eta aldarrikapenak dinamizatzen dituzten elkarteetako auzotarrak gure tabernatik pasatzen dira hitz egiteko, zerbait edateko, munduko sandwich onenak jateko, Athleticen partiduak ikusteko... gurean mota askotako jendea biltzen da. Lehen bikote zirenak, beraien seme-alabak gero eta martxa honetan, nork daki, bilobak ere zerbitzatu ahal izatea da gu moduko beteranoentzat harrotasun handiena”.

Garai zailak bizi ditugu eta moldatzeko prezioei eutsi diete Guretxen. Igo gabe, “nahiz BEZa %21ean egon”. Irtenbide magikorik ez dagoela ondotxo dakite, baina eskatzen hasita, badute zer proposatua. Bilboko alkateari “La Zona oinezko egiteko” eta “betikoekin ez grinatzeko”. Bada auzotarrentzako eskaera ere: “Etxetik irten eta lagunen konpainian jakintza lantzen jarrai dezatela”. Danik eta Josebak, beraiei dagokienean, ez dute atzera egingo: “Babesten ditugun elkarteei laguntza emanez jarraituko dugu”. Eta bihotzez eskertzen diegu, BERTON aldizkaria baita horietako bat.

Ia 30 urte igaro dira Guretxeko barran hasi zirenetik. Irribartsu diote: “Pasa diren, bizi ditugun eta, noski, etortzekoak diren une handiekin geratzen gara”.