Zabalik - El Parque fruta-denda: “Herri txiki bat bezalakoa da Txurdinaga auzoa”

bertonaldizkaria 2013ko api. 8a, 10:29

Merkatari beteranoen txokoan, oraingo honetan, Txurdinagako El Parque fruta-dendako arduradunekin hitz egin du BERTON aldizkariko Ander Gezuragak.

Enriqueta eta Jose Luisen fruta-dendak hogeita hiru urte betetzen ditu aurten. Ondarroa kale ondotik, Europa parkea alboan dutela, urte luzez jardun dute auzokideei fruta eta barazkiak eskaintzen. Frutategia jartzea erabaki baino lehen, biek egin zuten lan elikagaien arloan. Enriquetak, alde batetik, Otxarpan zenaren okindegi batean saltzen zuen ogia hasieran. Gerora, elikagai ezberdinak denda berean saltzea ahalbidetu zenean, okindegia elikagai-denda bihurtu zen. Jose Luisek, bestetik, Antonio Fernandez deituriko beste fruta-denda batean egin zuen lan Bilboko San Bizente plazan. 1990. urtean, euren frutategia jartzea erabaki zuten senar-emazteek, eta orduz geroztik dugu El Parque fruta-denda martxan.

Hasiera, dena den, ez zen samurra izan. Garai hartan ere egoera ekonomikoa onena ez zela ohartu behar gara, eta horrela gogoratzen digu bikoteak. “Hasi ginenean ere gauzak zail zeuden alderdi ekonomikoan, interesak %18 ingurukoak baitziren; lana bilatzea ordea askoz errazagoa zen”, onartzen dute. Lan gogor eginez eta euren bi seme Jose Luis eta Enriqueren laguntzaz aurrera egitea lortu zuten beraz.

Auzoko garai hartako egoera ere badakarte gogora, izan ere, haien dendaz aparte inguruan farmazia bakarrik zegoela gogoratzen du bikoteak: “Auzoko lehenengotariko denda izan zen gurea. Denborak aurrera egin ahala, apurka-apurka auzoa nola hazi den ikusi ahal izan dugu, eta harekin bat gure bezeroak. Pozgarria da hasieratik gure bezero izan zirenak gaur egun ere dendan ikustea”. Izan ere, ugari dira bezeroen artean orain dela hamarkada bi auzoan etxea erosi zutenak, eta orduko gazteek gaur egun ere jarraitzen dute Enriqueta eta Jose Luisen dendan erosten. “Zentzu horretan esan dezakegu herri txiki bat bezalakoa dela auzoa” diosku Jose Luisek “jendearekin oso hurbileko tratua daukagu, eta hori alde biek eskertzen dute”.

Azkenik, frutaren negozioaren aldaketaz mintzatzen zaizkigu. Aldaketa nabaria igarri dute alderdi honetan, denboraldiko fruta eta barazkiak saltzetik produktuak urte osoan saltzera pasa behar izan baitira. “Gaur egun, fruta munduko edozein tokitatik dakarte hegazkinez edo itsasontziz egun edo ordu gutxi batzuen buruan, eta horrela saltzen da urte osoan produktua, nahiz eta denboraldia ez izan. Nahiz eta kalitate oneko fruta izan baina, ezin konpara daiteke denboraldian bertan kontsumi daitekeen frutarekin, fruta hemen helduta egon dadin batzen den lekuan berdeago batu behar baita”.

 

Testua: Ander Gezuraga