Panerako lurzoruan eraikitzeko aukera dagoela eta, herritarrak informatzeko asanblada deitu du Bilduk

bertonaldizkaria 2013ko eka. 7a, 10:06

Maiatzaren 31n EAJ eta PSOEk Aholku Batzordearen erabakiaren gainetik pasa eta Panerako lurzoruan 20 solairuko 5. bloke bat eraikitzeko aukerari ateak ireki zizkion. Bizilagunek 1.000 sinaduratik gora aukeztu zituzten Paneran bloke berri bate eraikitzearen aurka. Errekalifikazio eta alegazioen inguruko informazioa auzotarren artean zabaltzeko Bildu koalizioak asanblada irekia deitu du ekainaren 11rako.

Iragan apirilean, Hiri Aholku Batzordeak, Bilboko HAPOan eman beharreko aldaketak arautzen dituen Udal Batzordea izanik, ordura arte zonalde berde bezala kalifikatutako Panerako lurzoruan eraikitzeko aukera baztertu zuen, Bildu, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa eta Auzo Elkarteen botoei esker.

Aldiz, EAJren Gobernuak, ezezko honi muzin egin, eta PSOEren laguntzarekin maiatzaren 30eko Udalbatzan aipatutako lurzoruan 20 alturako bloke bat eraikitzeko aukera ahalbidetu zuen, Panera enpresa eraikitzailearen aspaldiko gogo ekonomikoei bide emanez.

Bilduren iritziz ez da bidezkoa, batetik, "enpresa eraikitzaile baten interesak auzokideen interes orokorren gainean inposatzea", eta bestetik, "EAJ eta PSOE Aholku Batzordearen erabakiaren gainetik pasatzea", era honetan "udal organoen arteko kontraesana bultzatuz".

Honela bada, Bilduk oso adierazgarritzat jotzen du PSOE Azkunaren taldearen interesekin lerrokatzea. Are gehiago Gobernu batzordeak, "multinazional handiek onura eta etekinak edukitzea ahalmentzen duten operazioak bultzatzen dituelarik, honen adibidea da Iberdorlaren lurzorua errekalifikatzeagatik Bilbotar guztion artean ordaindu beharko dugun 20 milioi euroko zorra (egun 25 milioi eurotan dago). Ostera, auzokideak direnean udalaren konpromisoa eskatzen dutenak (zonaldeko auzokideen 1.143 sinadurek hala adierazten dute) kasurik ez zaie egiten".

Aldiz, badago oraindik zer eginik, Panerako lurzoruaren errekalifikazioaren behin behineko onarpenaren ostean, alegazio indibidual zein kolektiboak egiteko epea zabalduko da.

Asanblada irekia ekainaren 11n

Modu honetan, Bildu Udal taldeak bere esku dagoen informazio guztia helarazi nahi die herritarrei datorren ekainaren 11n, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Tomas Zubiriako goiko enparantzan egitekoak diren asanblada irekian.

INFO + BRANKA