Europa Parkea Asanbladak bihar bilera irekia, atzoko kontzentrazioaren ostean

bertonaldizkaria 2013ko uzt. 3a, 10:15

Itziar Urtasun jaietako zinegotziak Europa parkea Aste Nagusiko kontzertu handietarako gune berri gisa berretsi du, erabakiaren aurkako 300 auzotar udaletxe aurrean kontzentratuta dituela. Bihar, osteguna, asanblada irekia egingo dute auzotarrek 18:30ean parkeko kioskoan.

Elkarrizketa

Jon Koldo Cebrian, Europa Parkea asanbladako kidea: “Diru asko sartuta ere parkea ez da berdin geratuko”

Zelan jakinarazi die Bilboko Udalak Txurdinagako auzotarrei behin betiko erabakia?

Ez auzoan ez Barrutiko Batzordean, eta hiru bileretan parte hartu dugu, ez digute informaziorik eman. Udalak ez digu informaziorik eman nahi, nahiz eskatu dugun.

Lau gaztek hasitako protestaldia hiru hiletan handitu eta antolatu egin da asanblada sortzeraino. Nolatan?

Asanblada irekia egiteko deia zabaldu zen eta bertan batu ginen 32 pertsonak antolatzea erabaki genuen hurrengo urratsak definitu ahal izateko.

Zeintzuk dira urrats horiek?

Jasota genituen 15.000 sinadura Udalak hankapetik pasa dituenez, babes gehiagoren bila jarraituko dugu. Bilboko beste auzo batzutan sinadurak bildu eta panfletoak banatuko ditugu gurekin batera mobilizatu daitezen parkea ez baita gurea bakarrik bilbotar guztiona baita. Beste eragile batzuekin ere batzartzekoak gara elkarlana sustatzeko. Jendeak borrokarako hartu nahi duen arduraren araberako urratsak izango dira.

Auzotarren aldarrikapenak aldatu egin dira?

Bai, hasieran Europa parkean kontzertuak egitearen aurka geunden. Orain, berriz, ez dugu kontzerturik nahi ez gure parkean ez Bilboko beste edozein parketan. Ingurugiroa eta politika arazoa da hau. Herritarrok elkarri pilota jaurtitzen ibili gaitezen nahi du Azkunak, auzoak euren artean haserretzea. Gatazka hori amaitutzat emateko aitzakiarekin ordainpeko lekuren batera eramango ditu kontzertuak jaiak pribatizatuz. Hori da funtsa.

Udalak Txurdinagako kokapena urte askorako kontzertuen gune izatea nahi du.

Hainbeste aldaketaren arazoa Azkunarena da. Ez zion Botika Zarreko lursaila IMQri prezio sinbolikoan saldu behar. Jaietarako leku aproposa prestatzeko ordua du. Baina beste adibide bat baino ez da hau, enpresa pribatuaren irabaziei baino ez die begiratzen.

Zein da kontzertuetarako leku aproposa?

Bizkaia Arena edota Deustuko Kanala, horiek prestatuta daude jende asko hartzeko inolako kalterik sortu gabe.

Ekologistak eta oposizioko alderdiak zuen alde azaldu dira. Zelako babesa eman dizuete?

Ekologistak Martxan elkartea gurekin dago, manifestazioetan ere parte hartu du. Oposizioko alderdiek babesa erakutsi digute, baina manifestazioetan parte har dezatela nahi genuke jendea mobilizatzeko duten gaitasunagatik.

Txurdinaga auzoa altxatu egin da bere parkearen defentsan.

Santutxu eta Otxakoagarekin alderatuz, Txurdinaga lo zegoen auzoa zen. Zorionez, jendea esnatzen ari da, parte hartzen.

Zer galduko du Europa parkeak kontzertuak bertan egiten badira?

Ez da zarata kontua bakarrik. Zer egingo du Udalak 50 langile jarri plastikoak eta kristalak jasotzeko? 30 arbola inguru galduko dira, lau bat eszenatokia kokatzeko eta beste 25 jendearentzat zabalgunea sortzeko. Arbola horiek Miribillara eraman nahi ditu Udalak gero berriro Txurdinagan landatzeko. Ziurrenik hil egingo dira. Lore eta arbolak berriro ipiniko direla dio alkateak, kontzertuak egiteko lekuak badirenean. Diru asko sartuta ere parkea ez da berdin geratuko. Eta guzti hau murrizketa garaian.

Zer egingo duzu Aste Nagusian kontzertuen orduan?

Ezin da jairik boikoteatu eta ezin da jendeari zer egin behar duen esan. Kontzientziazio lana egingo dugu kontzertuetara doazenei sortuko diren arazoak ezagutaraziz.

INFO +

TXURDINAGA BIZIRIK FACEBOOK

TXURDINAGA BIZIRIK BLOG