Kirol eremu bat gutxiago Santutxun

bertonaldizkaria 2013ko uzt. 30a, 09:48

Santutxuko Hockey pista, plaza bihurtzeko asmoa du Bilboko Udalak. Leku berri baten bila ari da Santutxuko Hockey Taldea Udalarekin hartu-emanetan.

 

Federico Etxebarria eta Felipa Zurikaldai etxebizitza-taldearen inguruak berritzea erabaki du Bilboko Udalak. Oraindik proiektuaren inguruko xehetasunik eman nahi izan ez badute ere, Santutxuko Hockey pista plaza bihurtuko dute. 50 urte bete berri dituen hockey zelai hori da Santutxu Hockey Taldearen egoitza. Pista hau Etxebarria etxeetako komunitateena izan zen lehengo, Santutxuko Merkatari elkartearena ondoren eta egun Bilboko udalarena da.

Taldeak urteak daramatza zelaia konpontzeko eskatzen eta Udalak behin baino gehiagotan proposamenak egin baditu ere, ez dute inoiz esandakoa bete. Garabi plazan eta Mina del Morroko zelaietan hockey taldearentzako instalazio berriak eraikitzeko proposamenak egin zituzten eta duela urte batzuk Iñaki Azkuna, Bilboko alkateak berak, hockey zelaia bisitatu ondoren, instalazioak konpontzeko prest agertu zen. Orain, Santutxu HTko kideak eta udal ordezkariak negoziaketetan ari dira konponbide bat topatu nahian. Begoña Fernandez de Nograro Santutxu HTko kideak adierazi duenez: “Bi aldeetatik asmo onak daude eta oraingo honetan adostasun batera iristeko aukera handiak daude”.

Santutxu Hockey taldeak hainbat proposamen egin ditu, tartean lur-erauzketa eremuren baten pabilioi bat eraikitzea. Pabilioi honek Santutxu HTren instalazioak barne hartzeaz gain, beste hainbat talderentzako lekua ere izango luke. Briñaseko eskolak leku faltagatik heziketa fisikoko klase batzuk kiroldegian ematen omen ditu eta horiek pabilioi horretan egin ahal izango liratekeela aipatu dute hockey taldekoek. Kirola eta kultura batzeko tokia izango litzateke. Udal arduradunek, ideia hau baztertu zuten eta kultur ekintzak batzeko toki bat atontzeko asmoa daukatela ere adierazi zieten hockey taldeko arduradunei, baina beti ere kirol instalazioetatik kanpo.

Oraindik ez dakite zein irtenbide emango dioten Santutxu HTri, baina, udaletik, urri aldean lanak hasten direnean eta toki berri bat topatu bitartean entrenatzen jarraitu ahal izango dutela adierazi diete.

Bilbao Kirolakek Txurdinagan duen kiroldegiko instalazioetan egingo den zelai estali bat egitea da asmoa, nahiz eta oraindik ez duten ezer zehaztu. Orain ere, Santutxu HTko Senior kategoriako jokalariek kiroldegian egiten dituzte beraien entrenamendu saioak. Izan ere, Santutxuko hockey pistan ezin dute beraien kategorian jokatu zelaiak ez dituelako eskatutako baldintzak betetzen. Hockey taldeko kideak baina, bertan entrenatu ahal izateko Bilbao Kirolakeko kide izan behar dute eta hori arazo bat izan daitekeela uste dute etorkizunean kategoria guztietako taldekideek Txurdinagako kiroldegian entrenatzerakoan umeak lagundu ahal izateko gurasoek ere txartelak edukitzea beharrezkoa izango bada.

Hockey zelaia botatzearekin batera, Santutxuk kirol eremu bat galduko du eta Etxebarriak zonalde hori emateko baldintza bezala kirol eremu izatea aipatu zuen. Data finkatu gabe egon arren, abuztua baino lehen Santutxu HT eta Bilboko Udaleko arduradunak bilduko direlakoan dago Fernandez de Nograro.

Testua: Ander Barinaga-Rementeria

http://santutxuhockeytaldea.blogspot.com.es