Karmelo Ikastola eraikin berrian azkenik

bertonaldizkaria 2013ko aza. 6a, 16:51

Hamar bat urtez luzatu den “arazoa bukatu da” azkenik. Hori diote bai ikastolako zuzendaritzako ordezkariek bai gurasoek.

Karmelo Ikastolak eraikin berri bat izango du bi urtetik 16 urtera arteko Santutxualdeko ume eta gazteei zuzendutako hezkuntza proiektua garatu ahal izateko. Gabonetako oporretan ikastolako materiala lekuz aldatu eta 2014ko urtarrilean bertan berrekingo diote ikasturteari. Mina del Morro auzoan, Mina eskolaren ondo-ondoan. Auzokideak izango dira, baina proiektu independenteak. Eztabaida sutsua piztu duten bi ikastetxeen arteko fusio, integrazio edota bateratzea bezalako kontuak bazterrean geratu dira.

“Bagoazela”, dio Gotzone Etxebarria zuzendariak. Oso pozik dago, “hunkituta”. Izan ere, Karmelo Ikastolak lortu du nahi zuen aurrerapausoa ematea: “Eraikin berriagatik eta gure proiektuagatik, 16 urtera arte luzatuko delako. Hori da edozein ikastetxek nahi duena, eta guk esku artean daukagu”. Arkaitz Estiballes ikastolako gurasoak ere berdin pentsatzen du. “Hara goazela”, dio. “Ilusioz goaz”. Eta laster joango dira. Gabonetako oporren aurretik agur egingo diote Menendez y Pelayo eta Santa Martako ikastola zaharrari, jai batekin. Oso posible da kalejira egitea eraikin zaharretik berrira, aspaldian ikastolak lekuz aldatzean egin bezala. Gabonetako oporretan trasladoa egingo dute. Ikastolako tresna eta materialak eramango dituzte Mina del Morroko eraikin berrira urtarrilaren 7an klaseak bertan hasteko.

Ikastolako langile eta gurasoek badakite leku aldaketaren berri. Santutxuko auzotarrei, aldiz, berria ez zaiela iritsi pentsatzen du Begoña Ocio aurreko zuzendariak. Santutxun “ez da zabaldu borroka bukatu denik”. Beraiei ere, zuzendaritzako kideei, kosta zitzaien “sinistea” eraikin berria oso-osorik Karmelo Ikastolarentzat izango zela: “Bisita egin arte ez genuen sinistu. Ez dago beste lerro bat zabaltzeko aukerarik; fusioa ez da posible”. Horregatik dio Gotzone Etxebarriak “guk nahi genuen proiektua da”. “Izugarrizko eraikina” da, “izugarrizko baldintzak ematen ditu”. Besteak beste, 16 urtera arteko hezkuntza eskaini ahalko dute aurrera begira. Egun, bi lerro baino ez ditu ikastolak eta, eraikin berria hiru lerrorako pentsatuta dagoenez, soberako espazioa Bigarren Hezkuntzara bideratuko dute.

Egokitzapena erronka

Erronka berria du ikastolak epe laburrean, zentro berrira “egokitzea”. Araitz Urrutikoetxea ikastolako gurasoaren arabera erraza izango da, Mina del Morroko eraikin berria “oso ondo pentsatuta” baitago: “Beheko solairuan Haur Hezkuntzako gelak daude, lehengo solairuan Lehen Hezkuntzakoak eta goiko solairuan Bigarren Hezkuntzakoak”. Orain arteko eraikinekin alderatuz, “espazio asko” izango dute aurrerantzean Karmelo Ikastola berrian, eta horrek lana asko “erraztuko” die Gotzoneren esanetan. Eraikin inteligentea izango dute, leihoak zabaldu ordez, unean uneko tenperatura autoerregulatuko duen sistemaduna. Eta gainera, jantoki handia, gimnasioa –“guretzat ezezaguna den espazioa”– eta frontoia. Azken hau, arkitektoak “Santutxuko begia” bezala bataiatua. “Ikusgarriak” dira frontoitik Santutxu eta Bilboalderanzko bistak. Izan ere, altueran eraiki dute frontoia. Larreagaburu parkearen izkinan. “Ikastetxetik irten ezinik egotetik, naturgune batean kokatuta dagoen ikastetxea izatera pasako gara. Bertan dago parkea, ikaragarria da umeekin joateko. Santutxu batean berdez inguratuta egotea ez da erraza”, dio Gotzonek.

Ikastetxe berria ez dago Santutxuren erdialdean, baina hori auzoaren baldintzengatik ezinezkoa da. Dena dela, eragin eremu berean jarraitzen du. Begoña Ociok argiro azaltzen duenez “ikasle askori ikastola hurbilduko zaie eta beste batzuei urrundu”. Azken horietakoak dira Solokoetxe eta Garamendiko ikasleak. Minutu gehiago beharko dute joan-etorria egiteko. Mina del Morro ingurukoek, aldiz, hurbilago izango dute. Horiek, Mina del Morroko auzotarrak dira Karmelo Ikastolaren bizilagun berriak. Tartean dago, gertu-gertu izango duten Mina eskola ere. Izatez, elkar ukitzen ari dira bi zentroak. “Ondokoekin ondo konpontzen saiatuko gara. Minako zuzendaria oso jatorra da eta ondo moldatuko gara. Auzokideekin ere beste horrenbeste”, dio Begoña Ociok.

Egitekoak

Badira lotzeke dauden hainbat gai, besteak beste, ikasle eta gurasoentzako bisitak eraikin berrira, eskola orduz kanpoko jarduerak, Santa Martako trenaren kokapena –“ezinbestekoa da”–, jantokiaren kudeaketa propioa izateko proposamena eta hutsik geratuko diren eraikinen etorkizuneko erabilpena –Udalarenak dira bai Menendez y Pelayo bai Santa Martako lokalak–.

Eraikin berriak jantokian aldaketak egiteko aukera eman beharko luke Araitz Urrutikoetxea eta beste guraso batzuen iritziz. Orain arte bezala ez da bertan jatekorik prestatuko. Kanpotik prestatuta datorrena zerbitzatu baino ez da egingo. Gurasoek aurkeztu duten proposamenak jantokian bertan ikasleen bazkariaren prestaketa aurreikusten du. Urrutikoetxearen aburuz, horrela bertako “dendari eta ekoizleekin harremana sustatuko genuke” eta “bestelako menuak”, begetarianoak edota ekologikoak, “eskainiko genituzke”. Egun, Larrabetzun egiten duten moduan. Eskaera bideratuta dagoen arren, Iker Martinez de Lagos ikastolako gurasoa ezkorra da: “Lehengaiak eta ekoizleak ezagutzea eta menu osasungarriagoak egitea ez da Eusko Jaurlaritzaren politika EAE mailan, jantoki zerbitzuak minimizatu eta hiru enpresaren arten azpikontratatzea baizik”. Larrabetzukoa salbuespena da eta bertako eredua zabaldu nahian ari dira Santutxuko hainbat guraso.

Bide luzea eta gogorra

1993. urtean Karmelo Ikastola publiko egin zenean hasi zen ikastetxe berri baten premiaren eztabaida. Administrazioak bere gain zuen eskola bat “ezin zuen horrelako baldintzetan mantendu”, gogoan du Begoña Ociok. Azken hamar, hamabi urtetan indarra hartu du eztabaidak. 2003ko Karmelo Ikastola berriaren lehen proiektuak bi eraikin zituen bere baitan. 2010ean, berriz, Mina eskolarekin fusioa. “Hau horrela izango da”, izan zen PSE-EEren eskutan zegoen Hezkuntza Sailetik jaso zuten mezua. Orduan hasi zen proiektuaren aurkako mugimendua, kamiseta larrosen mugimendua, alegia. Gurasoen “inplikazioa” eta “presioa” azpimarratzen ditu Arkaitz Estiballesek oso garrantzitsutzat marea larrosa horretan. Santutxuko kaleetan, Inauterietan, Korrikan, Lakuan, Eskola Publikoaren jaian... “umeekin protestan joan ginen”, diosku Estiballesek.

Fusioa zen “gurasoen kezka nagusia” eta mobilizazio jendetsuekin lortu zuten oihartzun larrosa hedatu eta fruituak eskuratzea. EAJko “Eusko Jaurlaritza berriak planteamenduan bira eman arte”. Urte guzti hauetan “borroka nahiko egon da” Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Begoña Ocioren esanetan “inoiz ez digute argi ezer esan”. Baina borroka ikastolako komunitate barnera ere zabaldu da, zatiketa eta haserre handiak sortzeraino. “Prozesu gogorra” izan dela aitortzen du Ociok, “bai kanpotik, bai barrutik” eta Estiballes bat dator. “Urte oso gogorrak izan dira azkenak”. Bilerak, kritikak, mesfidantzak, beldurrak, proiektu alternatiboak, alde zegoen jendea, kontra zegoena eta erdian zeudenak batzuk eta besteak ulertzen... denetik izan da. “Pasa dela”, horixe onena Estiballesek aitortu digunez. “Gauza onetaz gogoratzea gustatzen zait. Oroitzapen polita daukat, azkenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean ikastolako kamiseta larrosarekin kantatzearena”.

Testua: Lur Mallea

Argazkiak: Karmelo Ikastola