Edurne Ibarbia: “Gizartearen zati bat bertako produktuen bila ari da”

bertonaldizkaria 2013ko aza. 7a, 19:36

Maiatzean zabaldu zuten Geuria denda Alde Zaharrean, hain zuzen, Unamuno plazan. Baserriko produktu naturalek Bilboko urian izan duten arrakasta ikusirik, baliteke, aurrerago negozioa zabaltzea. Edurne Ibarbia, Geuria dendako kudeaketa arduraduna da.

Zelakoa da lehen hileetako balorazioa?

Gustura gaude jendeak gure proiektuarekiko izan duen harrerarekin, horrek jarraitzeko indarra eman digu.

Zein da Geuria dendaren bereizgarri nagusia?

Mahala baserritik zuzenean datorren proiektua da Geuria. Baserrian ekoizten diren produktuak, ahalik eta naturalen eta kalitate onerarekin egiten saiatzen gara, eta modurik zuzenean saltzen bertako jendeari, ahalik eta gertuen. Baserriko produktuekin batera, gure inguruko ekoizleen produktuak ere saltzen ditugu.

Baserritarrak Bilboko kaleetan ondo konpontzen zarete?

Jaiotzen garenetik baserritarrak joan-etorrian ibiltzen gara, alboko herrira, hirira eta berriro etxera. Zentzu horretan mugitzen ohituta gaude. Hirietakok estatikoagoak zarete.

Bilbotarren artean igarri duzue produktu naturalekiko joera berezirik?

Joera bat badago, bai. Merkatuan, gizartearen zati bat bertako produktuen bila ari da ulertzen duelako bertako produktuak bere ezaugarri eta kalitatea hobeto mantentzen dituela eta, prezioa egokian baldin badago, edozein poltsikora egokitua, askoz hobeto. Jendeak gero eta gehiago baloratzen du hori.

Denda euskalduna da Geuria. Zein ekarpen egiten dio euskarak?

Mahala baserrian euskaldunak gara, beti euskaraz hitz egiten dugu. Kokatuta gauden ingurune geografiko eta kulturalean, guretzako balio bat da euskaraz komunikatzea eta hori transmititzea. Bilbon euskaraz mintzatzeko ekintzak egiten dira eta horietan gu aukera on bat izan gaitezke.

Zein harreman izan duzue Alde Zaharreko gainontzeko merkatariekin?

Merkatarien Elkartean sartu gara eta horrek aukera eman digu Alde Zaharreko giroa eta mugimendua ezagutzeko; hori positiboa da guretzat.

Krisi ekonomiko garaian zabaldu duzue denda. Zelan kudeatzen duzue krisia?

Garai zaila da. Gehien bat saiatzen gara ahal dugun produktuetan eskaintzak jartzen eta prezio egokienean produktuak izaten, jendeak aukera izan dezan kontsumitzeko.

Merkaturatuko duzue produktu berririk?

Jendea gehien erakartzen dutenak produktu freskoak dira: eguneko esnea, esnekiak, ogia... egunero behar ditugun elikagaiak. Jarraitzen dugu gauza berriak sortzen, esaterako, natillak egin ditugu produktu berri bezala. Beti ari gara aztertzen eta beste ekoizlek animatzen gauza berriak egiteko. Garaian garaiko produktuekin egiten dugu lan, orain udazkeneko baserriko produktuekin eta Gabon garaikoekin gero. Izango dira gauza berriak.

Baduzue Bilbon erronkarik?

Ideiak badaude; indarra hartzea eta zabaltzea, baina eperik gabe.