1922ko Begoñako euskaldun hutsak

bertonaldizkaria 2013ko abe. 11a, 10:02

Begoñako Udalak euskararen aldeko erabakiak aztertu zituen 1916an eta 1922an. Horien bidez zer edo zer gehiago jakin dugu begoñarren hizkuntzaren gainean. Besteak beste, euskaldun elebakarrak bazirela.

 

Ondo dakigun bezala, Begoñako Udalak 1924ko abenduaren 31 arte iraun zuen. Desagertu baino lehen, herriaren kontuak gobernatu zituen, jakina. Haren artxiboetan euskararen gaineko akordio proposamen bi aurkitu ditugu eta haien bidez argi apur bat eman ahal izango diogu Begoñan orduan zegoen hizkuntza egoerari.

1916an Donostiako Euskal Esnalea elkartearen proposamena jaso zuen, beste udal askok bezala, hizkuntza berpizteko neurriak hartzeko. Zehazki, lanbide eskoletan irakaskuntza euskaraz emateko, udal beharginak euskaldunak izateko –bereziki, medikuak-, eta bandoak euskaraz kaleratzeko eskatu zioten. Zehatzago esanda, “bando ez ofizialak euskaraz eta ofizialak euskarara itzulita”. Horrez gain, etxe, plaza eta lekuetako izenen errotuluak euskaraz jartzeko ere eskatu zion Euskal Esnaleak. Abuztuaren 4an Gobernazio batzordeak aztertu eta “se acordó elevar a acuerdo”, alegia, udalbatza osoari bidali onar zezan.

Sei urte geroago, 1922ko abuztuan, batzordeak beste proposamen bat aztertu zuen, baina oraingo honetan Begoñako zazpi zinegotzik aurkeztu zuten. Ondoko hau eskatu zuten: umeei euskara eskolak ematea egunero bostetatik seiak arte herriko eskoletan, udal langile postuak “los ocupen los que poseen el euzkera o los que se comprometan a aprenderlo antes de un año”, eta hala kale eta plazetako izenen errotuluak nola udal bandoak eta gainerako iragarkiak euskaraz eta erdaraz jartzeko. Gobernazio batzordeak irailaren 5ean aztertu eta onartu egin zuen. Kide batek boto partikularra eman zuen.

Guri kontu bi interesatzen zaizkigu. Batetik, 1916 eta 1922ko proposamenak alderatuta, puntu batzuk (kale izenak eta bandoak) antzekoak dira. Horrek esan gura du 1916koa ez zela betetzera iritsi, behintzat luzaroan.

Baina are garrantzitsuagoa da zazpi zinegotziek proposamenaren alde emandako arrazoiak. Batetik, erraztasunak eman nahi zizkieten “a los vecinos de Begoña que no poseen el castellano”. Alegia, 1922an Begoñan bazeuden euskara besterik ez zekitenak. Euskaldun elebakarrak. Hori ere beste iturri batzuetatik jakin dugu, baina kasu honetan kopuru esanguratsua izango zirela pentsa genezake, udalean proposamena justifikatzeko beste.

Bestetik, euskararen alde jarduteko bigarren arrazoia zen “la necesidad de que la lengua euskérica sea propagada y venerada en recuerdo de nuestros antepasados y en beneficio de nuestra raza”. Euskarak bultzada behar zuen. Denok gara jakitun, orduan gure hizkuntza kalean nagusi zen lekuetan ere, zeharo baztertuta zegoela, hala irakaskuntzatik, nola administraziotik eta, oro har, bizitza publikotik. Debekuak ere ugariak ziren, Francok eta bere jendeak boterea hartu baino askotaz lehenagotik.

Garai hartako mahatsorrien euskalduntasuna ez zegoen ezbaian. Mikel Aizpuru eta Karmele Zarragak 2011n argitaratu zuten artikulu batean Bilboko Udalak 1922an egindako zentsuaren datuak agertu zituzten. Lehenengoz, euskaldunak ote ziren galdetu zieten herritarrei. Bilbotarren %20 inguruk erantzun zuen euskalduna zela, gaur baino dezente gehiago, alegia. Horietatik heren bat Bilbo bertakoa zen, eta ia erdia Bizkaiko herrietatik etorritakoa. Bada, herri horien artean euskaldun gehien eman zuena Begoña zen, Bermeo, Zornotza, Orozko eta Durangoren aurretik.

Hala ere, ahuleziak ere agerian zeuden Begoñan. Bilbotik hurbilagoko aldeetan euskara gainbeheran zegoen. Eta umeei euskara eskolak emateko premia bazegoen, zinegotziek proposatu bezala, neurri batean transmisioa apurtzen hasia zela pentsa genezake. Horrela salatu zuen Euzkadi egunkarian Igetuxa ezizenez sinatzen zuen Begoñako korrespontsalak 1935ean. Eusko Gaztediren euskarazko eskoletara gazte gutxi agertu zela eta minduta zegoen, baina “errudunak eztira bakarrik gastiak ez, gurasuak be errudunak dira, ta ez gitxi. Umetxu bat ixaten dabenian, beriala euzkerazko ixenakaz ugutzau edo batiyauten dabe, ta gero erderea irakasten dautsae, ta euzkerea bixi dan ala ez ezta gauza eurentzat”.

Testua: H.O.

Argazkia: GureGipuzkoa.net CC-BY-SA Indalecio Ojanguren