Dantzaldi ibiltaria eta argazki erakusketa aurkeztu ditu Aiko taldeak

bertonaldizkaria 2013ko ira. 12a, 18:05

"Dantzarekiko atsegina eta dantzatzeko musika sortu eta jotzearen gozamena da; jotzea eta dantza egitea, partekatu eta irakasteaz gainera". Honela definitu du AIKO Taldeak duela sei urte abiarazitako ekimena. Gaur goizean Bilbon aurkeztu du taldeak Dantzaldi Ibiltariaren 2013-14 ikasturtea.

Dantzaldi Ibiltariaren edizio berriaz gain, AIKO Taldeak Iñaki Andres argazkilariaren ‘Dantzazaleak’ erakusketa ere aurkeztu du. Irudiz irudi, AIKOk dantzari eta dantzazaleekin egiten duen lana islatzen du, ekimena abiatu zenetik taldearen ikastaro eta mintegietan parte hartu duten bi mila lagun baino gehiagoren omenez. Erakusketa Kale Nagusiko BBK Aretoan dago ikusgai irailaren 25a arte, eta Donostiako Udal Liburutegian hilaren 30a arte. Ondoren, zenbait herri bisitatuko ditu, hala nola, Sopela (Kultur Etxean, urriaren 7tik 27ra) eta Gernika (hemen ere Kultur Etxean, abenduaren 17tik urtarrilaren 10era bitartean).

AIKO Taldea, bokazioa amankomuna duten musikari eta dantza-irakasleek osatutako kultur elkartea da, "era natural, erlaxatu eta dibertigarrian musika jo eta dantzan egitea" helburu duena. Horretarako, irakaskuntza-metodo erraz eta jostagarria proposatzen dute DANTZALDI IBILTARIA delako ekimenaren bitartez. Ikasketa musika eta dantzarekiko erabateko gozamena bihurtzen duen metodologia propioa da. Ikastaro egonkorren eta tailer, mintegi eta erromerien bitartez, DANTZALDI IBILTARIAk alternatiba erakargarri eta naturala eskaintzen du dantzan hasteko eta jauzi, soka-dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa etabarrekin gozatzeko.

Aurreko ikasturtean, AIKO Taldeak DANTZALDI IBILTARIA programaren bitartez euskal doinu eta dantza herrikoiek Bilbo eta Donostia birkonkistatzea lortu zuen, taldearen errepertorio aberatsa Campos Eliseos eta Victoria Eugenia antzokietako galazko eszenatokietara eramanez. Aurten ere, dantzari hasi berriei nahiz dantzan trebatu baina estiloa hobetu nahian dabiltzanei zuzendutako dantza tradizionalei buruzko ikastaro bana antolatuko dira bi agertoki paregabe horietan. Oraingo edizioan, Iruñeak eta Iparraldeak ekimenarekin bat egin dute lehendabiziko aldiz, Markina-Xemeinekin batera. Horrenbestez, aurten bederatzi dira ikastaroa egiteko aukera eskaintzen duten hiri eta herriak: Donostia, Bilbo, Galdakao, Sopela, Gernika, Durango, Iruñea, Azkain (Iparralde) eta Markina.

Hiru udalerri horien bategiteaz, AIKO Taldeak, berriz ere BBK Fundazioaren lankidetzaz, indartu egin du musika eta dantza tradizionalak eta horien gozamena berreskuratzearen aldeko apustua; folklore herrikoiak lehentasunezko lekua har dezan gure herri eta hirietako ospakizunetan, publiko gero eta ugariago baten eskutik. ‘Folklore baserritar eta landatarraren ideia hedatu horren gainetik, dantza tradizionalaren berezko ingurunea hiritarra izan da, eta da’, azaldu dute Aiko Taldetik. Hurbilketa hori diskoen bitartez egin ohi du AIKO Taldeak. Horren haritik, aurtengo ikasturtean Iparraldera eta Nafarrora iristea berezko aurrerapausoa izan da AIKOrentzat, izan ere, taldearen azken CDan —‘Bilgua’— nafar pirinioetako folklorea baita nagusi, Irati eta Osau haranetako artzainen batzarretakoa.

Asteko saioak eta ikasketa mailakatua

Partehartzaile bakoitzak bere mailarekin bat datorren taldean izena emateko aukera izango du. Honela, lehenengo pausoak eman nahi dituzten zaletuek Oinarrizko Dantza Ikastaroetan (dantza tradizionalean hasteko ikastaroetan) parte har dezakete. Bertan, dibertimendua xede duen ikasketa-prozesu xume baten bidez, AIKOk dantza tradizionalaren errepertorio-aukerak irakatsiko dizkiete ikasleei. Saio horietan, dantzarekin batera, gorputz-koordinazioa eta koordinazio erritmiko-musikala hobetzeko jarduerak lantzen dira, soka-dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa eta abar uztartzen dituen dantza-errepertorio aberatsari aplikatuta. Oinarrizko ezagutzak dituztenei, AIKOk zaletasuna maila bereko dantzazaleekin partekatzeko aukera eskaintzen die ‘Dantzaguneak’ deritzen dantza egiteko esparruetan, dantza-irakasle baten gidaritzapean errepertorioa praktikatu eta aberas dezaten.

Ikasturtea hasitakoan, eskolak ordu eta laurdeneko saioetan emango dira ekainera arte. BILBON, TAILERRAK CAMPOS ANTZOKIAN EGINGO DIRA ASTELEHENERO, 18:30ean edo 20:00etan hasita, mailaren arabera. Ikastaro osoaren prezioa 150 eurokoa da, eta izena emateko epea zabalik dago jadanik. Matrikulazioa www.aikotaldea.com webgunean edota 634 423 539 telefonoan egin daiteke.

Hilabete bat doan, proba egiteko

Eskolen dinamika jostagarria gertu-gertutik ezagutu nahi dutenei, AURTEN, BERRIKUNTZA GISA, AIKO-K DOAN JOATEKO AUKERA ESKAINIKO DIE URRIAN (tailerren lehen hilabetean). Gero, inongo konpromisorik gabe, ikastaroan matrikulatu ala ez erabaki ahal izango dute. Gainera, irailean, AIKO Taldeak tailer-erakustaldia egingo du Bilboko auzo desberdinetako auzo-etxeetan —Errekalden (hilak 24), Basurtun (25) eta Deustun (26)— eta beste herri batzuetan: Sopelan (18), Gernikan (19) eta Galdakaon (23).

Hileko erromeriak eta asteburu trinkoak

Gainera, ikasturte berriarekin batera, AIKOk tailerren osagarri gisa Durangoko Plateruena Antzokian hilean behin antolatu ohi dituen HILEKO ERROMERIAK ere itzuliko dira, antzinako dantzaldi herrikoien jai-giroa berreskuratzeko asmoz. Hitzordu hauek, askotan bazkari herrikoiekin eta bestelako ospakizunekin batera antolatu ohi direnak, jende guztiarentzat irekita daude eta dantzazaleen arteko topagune bilakatu dira, kultur arloko jakinmin berberak partekatzen dituzten pertsonak elkartzeko aukera erraztuz. Aurtengo ikasturtean, berrikuntza garrantzitsua egongo da: ekainaren 21ean, 2013-2014 ikasturtearen amaiera ospatzeko, DANTZA-MARATOI dibertigarria antolatuko da. Hau da, festak gorputzak aguantatzen duen bitartean iraungo du, hitzez hitz.

Gainera, bokazio didaktikoari jarraiki, aurtengo ikasturtean ere, AIKO Taldeak “dibertsio trinkoko” asteburuak antolatuko ditu. Hiru hilabetez behin, dantzazale guztiek DANTZA ASTEBURUA delako hitzorduetan elkartzeko aukera izango dute larunbat arratsaldez eta igande goizez, eskolak ematen diren giro bereko jarduerez gozatzeko asmoz. Ikastaro, hitzaldi edo tailer hauek izaera espezializatuagoa izango dute, eta horietan, taldeko musika eta dantza irakasleek ez ezik, topaketa bakoitzari dagokion gaiaren eremuko gonbidatuek ere parte hartuko dute.

Lehendabiziko Dantza Asteburua Zarautzen egingo da azaroko hirugarren asteburuan (hilak 9 eta 10), eta hurrengoak otsailean (hilak 15 eta 16) eta maiatzean (hilak 17 eta 18). AIKOk ostatua hartzeko aukera eskaintzen die partehartzaileei, baina nahi duenak eskola edo mintegietara joan daiteke, soil-soilik. Ondorioz, inskripzioa 80 eta 50 euro tartekoa da.

AIKO Taldeak Dantzaldi Ibiltariaren bitartez programatu dituen ekimenek jendarteko oihartzun zabala lortu dute. Iaz, 500 ikasle baino gehiago inskribatu ziren ikastaro desberdinetan. Gainera, Plateruenako hileko erromeriak dantzazaleen topagune bilakatu dira, eta aparteko jarduerek (esaterako, disko aurkezpenak, Durangoko Dantzazale Eguneko ospakizunak eto Zaratamo eta Zarauzko Herriz Herri Dantzan, edota Zarauzko dantza-barnetegia) berealdiko arrakasta lortu dute programazioari eta partehartzeari dagokienez. Horrek guztiak eskaintza berrantolatzera bultzatu ditu AIKOko musikari eta irakasleak hasteko zorian dagoen ikasturteari begira, eszenatoki berriak "konkistatzeko" asmoz.

‘Dantzazaleak’: argazki-erakusketa ibiltaria

Aurten, ikasturtearen hasiera ospatzeko, AIKO Taldeak omenaldi xumea eskaini nahi die dantzari eta dantzazaleei DANTZALDI IBILTARIAren ibilbidea laburbildu eta tailerren funtsa jasotzen duen argazki-erakusketa batez. Irudiak Iñaki Andres argazkilariak landutakoak dira, tailerren benetako protagonistetan oinarrituta: dantzazaleak, dantzan ikasi eta estiloa hobetzeko nahiz euskal folklorea suspertzeko ahaleginak eta bi egiten dituztenak. Horregatik jarri zaio ‘Dantzazaleak’ izenburua 130 argazki baino gehiago bildu dituen erakusketa honi. Irudi horiek, halaber, AIKOk ekimen hau abiarazteko erabili zuen jatorrizko asmoa islatzen dute: herri kulturarako hurbilketa naturala lortzea, protagonismoa dantzaren mesedetan berreskuratu den publiko berri horri emanez.

‘Dantzazaleak’, DANTZALDI IBILTARIAren aurtengo edizioan parte hartuko duten herrietako batzuetan AIKOrekin batera ikusgai izango den erakusketa ibiltaria da. Horrela, GAUR HASI ETA IRAILAREN 25A ARTE, Bilboko BBK Aretoan ikusi ahal izango da (Kale Nagusia 19-21). Urrian (hilak 7-27) Sopelako Kultur Etxean egongo da ikusgai, eta abenduaren 17tik urtarrilaren 10era, Gernikan (Kultur Etxean).

Aiko Taldea, musika eta dantza maisuz osatzen den irabazi-asmorik gabeko elkarte kulturala da eta bere helburu nagusia, musika eta dantza tradizionala zabaltzea da. Dantza era natural eta erraz bat bezala ikusita, eta konplexutasunetatik aske, mundu guztiak praktika dezakeen jarduera, Aikok irakaskuntza metodo erraza eta dibertigarria proposatzen du, `Dantzaldi Ibiltaria´ ekimenaren bitartez hedatu nahi duena. Bere helburua erromeria tradizionalek ohiko izaera sozializatzailea har dezaten da, guztien entretenimendurako eta aisialdiko denbora librean, dibertitzeko modu baten izaera duena. Antolatzen dituen jardueren artean ditugu tailerrak, topaketak, erromeriak, nahiz, musika tradizionalaren grabaketak eta argitalpenak, liburu eta DVDak.

Ondorengo musikariz osatzen da Aiko Taldea: Aitor Furundarena (soinujole eta konposatzailea), Alvaro Garcia Martinez (gitarrajolea eta konposatzailea), Asier Garcia Artetxe (perkusiojolea), Sabin Bikandi (txistulari eta konposatzailea), Elur Arrieta (perkusiojolea) eta Ainara Artetxe (biolinjolea), Juan Ortiz (teklatuak), Jon Gaminde (gaita eta danborra), Martin Ariztimuño (gaita) eta Jon Maia, Larraitz Artetxe, Patxi Laborda eta Vanesa Castaño dantzari eta dantza maisuak.