Baina beti... Santutxu Hockey Taldea... aurrera!

bertonaldizkaria 2014ko ots. 4a, 12:04

Ezin uka, Santutxu SANTUTXU den momentutik, hockey pistak izan duen eta duen garrantzia. Historia pasa den mendeko 50eko hamarkadan hasi zen. Orduan, Etxebarria lantegiak Basarrate Landaren ondoan etxebizitzak eraiki zituen altzairutegiko beharginentzat. Etxaldearen erdialdean zenbait kirol egiteko pista bat jarri zuen: saski-baloia, esku-baloia eta patinajea, besteak beste. Pista inguruan auzoko zenbat ume eta gazte belaunaldik ez ote duten jokatu, jolas egin, jostatu, olgatu (baita maitemindu ere)! Zenbat ahalegin eta neke metalez eta larruz egindako patin zahar horien gainean zutunik ozta-ozta mantentzeko! Eta horrela, irristatuz, kirol honen zaletasuna hazi egin zen; harrobia etxaldean bertan zegoen, baita auzo osoan ere bai, ordurako, Santutxuko aisiaren gune bilakatu zen eta.

Hockeya Etxebarria lantegiaren izen pean hasi zen, zaletasuna auzora zabaldu eta Euskal Herrian erreferentea izatera heldu zen. Etxebarrian jende andana batzen zen 70eko zein 80ko hamarkadetan, domeka goizetan batez ere, partida sutsu bezain animatuak ikusteko, zuzen-zuzenean gainera. Hainbeste publiko zegoen, non pistara sartuko zirela ematen baitzuen, aurkariak berak kikiltzeraino. Behin, Iruñeako San Antonioren aurka jokatzen ari zirela eta iruindarren kontraeraso arriskutsu baten aurrean, ikusle batek txanpon batzuk bota zituen pistako behekoaren gainera; kontrarioen artean Kataluniako jokalari bat zegoen eta hori ikusi, makurtu eta arduratsu txanponak batzeari ekin zion partida erdian. Protagonistak berak askotan kontatzen zuen pasadizoa, eta gogoratzean, beti, zera esaten zuen: “Oraindik jokatzen duzue etxeen arteko pista horretan? Han bai bizitzen da hockeya ederto gero!” Zalantzarik gabe, Etxebarriako auzokideek hockeyarekiko izan duten jarrera bikaina izan da, bikaina hala nola eragozpenen aurrean izan duten jarrera. Eskerrak eman beharrean gaude.

80ko hamarkadan, Santutxu Hockey Taldea hartu zuen izena, lantegiak babesa uztean. Orduan pista Santutxuko Merkatarien Elkartearen eskura pasatu zen. Horrek taldeari erabiltzeko utzi zion eta, modu horretan, taldea bera eta kirolaren biziraupena bermatu zuen. Arrakasta handiko urteak izan ziren haiek. Lehenengo Mailara ez zen heldu bada auzo txiki bateko hockey taldea! (Ohorezko dibisioaren aurreko urratsa, hain zuzen). Baina horren guztiaren gainetik pertsona hezteko lantegia izan zen kluba, lagun arteko egitasmo komuna, bai direktibo izan, bai entrenatzaile, bai jokalari baita senide. Adiskideak, lagunak denak, azken finean. Baina hori bai, auzoarekin, hau da, Santutxurekin beti bat, alde kulturalean (jaiak-eta) zein gizarte gorabeheretan.

Urteak joan urteak etorri, beste zenbait kirolen nagusitasunaren aurrean, eragina galtzen joan zen, dena dela SHTk ez zion utzi maila guztietan taldeak izateari (Senior taldeak, esaterako, Ipar Ligan urteak daramatza). Bide hori jorratzeko ezinbestekoa izan da auzoko zenbait kultur elkarte, merkatari, saltegi eta enpresaren laguntza ekonomikoa, haiei esker hockeyak aurrera darrai auzoan. Hala eta guztiz ere, ez dugu galdu behar xede inportanteena: gure kirolaren bidez umeak, haurrak eta gazteak heztea pertsona bilakatzeko, auzoarekin elkarlanean eta laguntasunean. Horregatik guztiagatik, gazte-gaztetatik umeak gurera erakartzen ditugu, etorkizunaren giltza haiek dira eta. Baina jakina, hori gauzatzeko garaiekin bat datozen azpiegiturak behar-behar ditugu.

Urtetan ganorazko pista eskatu diegu gure agintariei, eta hara non 2013an Etxebarria etxaldearen birmoldaketaren harira, Udalak proiektu bat egiteari ekin dio ekin, ohidalango eraz hockeyan ari ahal izateko Santutxun. Pista, azkenik, Txurdinagako Kiroldegian egongo da, beren-beregi egin den pabiloi berrian. Pista eta gure traste guztiak lekuz aldatu bai, baina gurekin batera, zuek auzokideok, bertan zuen etxea izango duzue gure kirolaz gozatzeko eta bizirik irauteko urtetan edo, zergatik ez, mendetan.

Gonbidatuta zaudete guzti-guztiak, pista zaharraren agurrera eta instalazio berrien ongietorrira.

Santutxu Hockey Taldea