uriola.eus

Jokin Alberdi eta Maria Silva, Ibaiondo plataformako kideak

 Bilbo  San Adrian

“Irtenbideak orokorrak izan behar dira denon onerako izan daitezen” Mahatserriko hainbat ikastetxetako kidek parte hartzen du Ibaiondo plataforman. Bilbon gehien hazi den barrutiko hezkuntza publikoa hobetzea du xede.

Ikastetxe publikoetako plaza eskasia da zuen kezka nagusietakoa. Zergatik?

Azken 15 urtetan %15 hazi da biztanleria Ibaiondo barrutian. Hazi den Bilboko barruti bakarra da. 400 jaiotza izatetik 700 izatera pasa gara. Mina del Morro eta Miribilla auzoetako etxebizitza berriengatik hazi da hainbeste. Administrazioek ez dute aurreikuspenik egin eta ondorioz plaza defizita dago Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilerrean.

Lehen eta bigarren mailako ikastetxeen existentzia salatu duzue. Nolatan?

Eskola batzuk punta-puntakoak dira eta eskaera handia dute eta beste batzuk berriz eskaera txikia. Zerbait txarto dagoen seinale da. Bazterkeria soziala ikastetxe batzutan pilatzen da, eta horietan integrazio arazoak daude. Horren aurka neurriak ipini behar dira. Besteak beste, eskolako D eredua ahultzen dute. Ondorioz ez dira guraso askorentzat eskola erakargarriak eta seme-alabak ez dituzte bertan matrikulatzen. Horrela desoreka sortzen da eskolen artean.

Zein zentroren kasu da hori?

Miribilla, Mugica, Mina del Morro edota Tomas Camacho eskolen kasua. Ez badira neurri bereziak ezartzen eskola-porrotera bideratuta daude. Ikastetxe horietako irakasle eta senideek ardura hartzea espero du Hezkuntza Sailak, berak utzita baititu. Egia da gure plataformaren lanari esker babes gehiago lortu dutela, baina oraindik babes gehiago behar dute aurrera egin ahal izateko.

Plataforma nortzuk osatzen duzue?

Ibaiondo barrutiko zortzi bat ikastetxetako gurasoek, irakasleek, auzokideek eta BIGEko ordezkariek osatzen dugu. 2009an hasi ginen batzarrak egiten eta dokumentuak osatzen, nolabait, aurretiaz beste batzuk egindako lanari jarraipena ematen. Era formalagoan 2010-11 ikasturtean ekin genion. Nahiz ikastetxe guztiek euren interesak eduki, Ibaiondo plataformaren ustez irtenbideak orokorrak izan behar dira denon onerako izan daitezen.

Lorpenik ere izan duzue.

Bai. Batetik, Bilboko Eskola Kontseiluak gure txostena onartu du, eskola maparen ordenamenduaren premia azaltzen duena. Azken urteotako borroka izan da hori. Bestetik, Miribillan hurrengo kurtsotik aurrera bi lerroak D eredukoak izatea lortu dugu; A eredua desagertuz.

Eskola maparen birmoldaketa beharrezkoa jotzen duzue.

Ikuspegi orokorretik egokitu behar da eskola mapa. Mina del Morro ixten bada, esaterako, Lehen Hezkuntzako plazak galduko dira. Eta Iruartetan eta San Adrianen bizpahiru urtetan handitze obrak egiten ez badira espazio arazoak izango dituzte DBHn.

DBH eta Batxilergo ikastetxe handi baten eskaera duzue orain erronka, Atxuriko Campuzano ikastetxean, hain zuzen.

Batetik, Campuzanoko Lanbide Heziketa Miribillara eramatekoak ziren aspaldi eta, bestetik, Bilboko Udalak iazko maiatzean Campuzano ikastetxe atzeko lursaila hezkuntza erabilerarako erreserbatu zuen. Ondo ikusten dugu lurrak libratzea eskolak egiteko edota handitzeko, Miribillan Udalak egin izan dituen erreserbak galdu egin baitira.

Campuzanokoa egin bitartean, behin-behinean Solokoetxe ikastetxean Batxilerra martxan jartzearen alde agertu zarete.

Bai, ez dugu txarto ikusten. Karmelo ikastolari DBH eman diotenez, Solokoetxe husten joango da eta bertan has daiteke Batxilerra eskaintzen. Solokoetxeko Klaustroak eta Eskola Kontseiluak horixe eskatu diote Hezkuntza Sailari.

ieepanaiz.blogspot.com.es

Testua: LM / Atxuri

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa