ZEN musika jaialdia bigarrenez egingo dute Done Petri inguruko kaleetan

prestaldizkaria 2014ko urt. 24a, 11:48

Iaz izandako arrakasta ikusita, Zona Especial Norte (ZEN) izeneko ekimenak musikaz bustiko du aurten ere Ramon y Cajal eta Luzarra kaleetako ingurua. Hamasei talde baino gehiagok kalea, sortzaile eta ikusleen arteko topaleku bihurtuko dute.

ZEN izeneko ekimen musikala iaz estreinatu zen, lagun talde batek Deustuko goikaldeko kaleetan zerbait egin behar zela erabaki zuenean. Esperientzia oso ona izan zen, jende uholderik ez, baina anitza, eta giro paregabea lau egunez burutu ziren kontzertu guztietan. Eta aurten errepikatzea erabaki dute. Urtarrilaren 31an, ostiralean, hasiko dira lehenengo taldeak jotzen. Oraingoan ere, ez da eszenatokirik muntatuko, musikariak kalean bertan, Gazte Lokalean, Berbaizu euskara elkarteak kudeatzen duen Müllerrenea kultur topagunean edota tabernetan egongo dira jotzen.

La hora del Primate, Inazio Escudero eta Villapellejos entzuteko parada izango dugu ostiralean. Larunbatean berriz, eguerdiko 12etatik hasita, Bugatti, Los Calavera, The Tripolares of Torre Madariaga, Aitor Temprano Band, Lorelei Green, Eneko kantautorea, Vietato Pensare eta RatZinger. Jaialdiaren azken egunean, igandean, Naste Borraste, El Tenderete titereak, Joseki, Long Jhon plays Lou Reed & Velvet Underground eta Giorgio and Luiggi.Gainera, asteburuan txalaparta doinuak eta Hegoaize taldearekin kalejiran joateko aukera egongo da.

Estilo eta gustu ezberdinetako musikariak biltzen saiatu dira antolatzaileak, izan ere, helburua, jendea kalera ateratzea da. Ohiko auzokideez gain, jende berria eta adin ezberdinetakoa erakarri nahi dute eta horregatik antolatu dituzte kontzertuak eguerdian, arratsaldez eta gauez. Iker Mugika antolatzaileak azaldu digunez, “Deustuko goikaldea berpiztu nahi dugu, kalea sortzaile eta ikusleen arteko topaleku bihurtuz”.

Gauzak horrela, jaialdian hamasei taldetik gora parte hartuko dute, deustuarrak guztiak, eta beraien lana erakusteko gogo ikaragarria dutenak. Tabernariak ere gogotsu dabiltza. Toki Berri, Atxuri, Herriko Taberna, Baiona, Noiz, La Logia eta Izekik ateak irekiko dizkiete musikariei eta bertara hurbiltzen diren guztiei. Beraiek dira jaialdi hau antolatzeko dirua jarri duten bakarrak eta jendez lepo betetzea espero dute. Kontzertu gehienak egunez izanik, auzokideen ordutegia errespetatu nahi dute eta, aldi berean, egunez goikaldea bizirik ikusi nahi dutela aldarrikatu.

Krisiak, tabernen ordutegien murrizketak eta polizien presentziak gogor kolpatu dute Deustualdeko gune hau, eta egoerari buelta ematen saiatu dira azken urteotan auzokideak zein tabernariak. Lagun artean sortutako ZEN ekimenak beste urrats bat izan nahi du norabide horretan. Baietz lortu!

www.facebook.com/events/644354505628075